HIGA

Mundu osoko esperientziak

Juanma Gallego 2024ko abe. 1a, 10:00

Mundu osoko ordezkariek parte hartzen dute Gasteizko topaketan. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Izena emateko epea ireki dute HIGA hizkuntza Gutxituetako hiztun Gazteen topaketaren bosgarren ediziorako. Profil akademikoaz gain, hizkuntza gutxituetako militanteak erakarri nahi dituzte.

Beste behin, mundu osoko parte hartzaileak bilduko dira datorren urtean egingo duten HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren bosgarren edizioan. Ohi bezala, Gasteizen jarri dute hitzordua, eta 2025eko uztailaren 14tik 18ra izango da.

Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, HIGA hizkuntza gutxituetako hiztun gazteentzako nazioarteko topaketa da, eta "hizkuntza horiek biziberritzea eta mundu mailako hizkuntza komunitate ezberdinen arteko elkarlana sustatzea" du helburu.

Edizio honi begira, aurreko edizioen ildotik jarraitu nahi dutela azaldu du HIGA 2025eko batzorde antolatzaileko kide Oskar Garcia de Bikuñak. "Edizioz edizio, gero eta izaera internazionalagoa izatea lortu dugu, eta izaera hori indartu nahi dugu hurrengoari begira". Garcia de Bikuñak gogora ekarri du hasieran parte hartzaile gehienak Europakoak zirela, "baldintza ekonomikoek hala mugatuta". Gauzak horrela, pixkanaka lortu dute mundu osoko parte hartzaileak hurbiltzea, "lurraldetasunaren aldetik ahalik eta orekatuena" izatea xede.

Bi profil buruan

Ez da aintzat hartu duten irizpide bakarra. "Izan ere, aurten bi profilen arteko orekan fokua jarri nahi dugu". Batetik, profil akademikoa aintzat hartuko dute; kasurako, jarraitu nahi dute soziolinguistak edo filologoak erakartzen. "Baina, bestetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu profil militante edo aktibista indartzea", azpimarratu du. "Bi profil horientzako topaketa izango da batez ere". Topaketak egun zehatz batzuetan egingo badituzte ere, bestelako dinamikak eta berrelikadurak urte osoan zehar mantentzen ditu ekimenaren bueltan sortzen den komunitateak. "Ni neu aurreko edizioko parte hartzailea izan nintzen.

Ordudanik, saretzean lan egiten ari gara. Adibidez, aurreko edizioan, bertara joan aurretik, komunitatea sortu genuen, eta geroztik, nahikotxo elikatu da. Oso ohikoa da gure arteko harremana, eta proiektu komunak sortu dira". Dioenez, elkar trukaketa honi esker uneoro informazioa partekatzen ari dira, bakoitzak egiten duenaren berri emateko. "Kontu hau oso erabilgarria da, jendea askotan ildo berrien bila ari delako, gauza berriak egin nahian; eta gero konturatzen zara sortu nahi zenuen hori sortuta dagoela jada, beste hizkuntza komunitate batean". Partekatutako esperientziak ez dira hausnarketa soilera mugatzen; gauzatu ere, gauzatu egiten dira. "Adibidez, Sardinian kultura jaialdi bat egiten dute urtero, eta Euskaraldiaren antzeko dinamika bat txertatu dute. Saiatu dira ahobizi eta belarriprest roletan oinarritutako antzeko dinamika bat txertatzen asteburu batean zehar". Izena emateko epea irekita dute dagoeneko higatopaketa.eus webgunean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago