Aldundiaren parke mugikorra osatzen duten ibilgailu guztiak geolokalizatuko ditu foru erakundeak. Horri begira ateratako lizitazio batean, aldundiak argudiatu du jarraipena egiteko neurria ezarri nahi duela "larrialdi edo akats mekanikoa gertatzekotan", eta denbora errealean ibilgailuen funtzionamenduaren berri izateko. Diotenez, "gidarien segurtasuna" indartu nahi dute, "erregaia aurreztu" eta flota "jasangarriagoa" lortu, "CO2 isuriak gutxituz".
Zerbitzu berriak honako datuak bilduko ditu: ibilbideen historikoa, abiadurak, erregai hartzeak eta kontsumoak, besteak beste. Argitu dute datuak soilik jasoko dituztela denbora errealean Neguko Planaren barruan lan egiten duten ibilgailuen kasuan, elurra dagoenean. Gainerako ibilgailuei dagokienez, desplazamenduen datu historikoak ohiko lan astera mugatuko dira, 06:00 eta 18:00 ordu arteko tartera.
Jasoko den informazioetako bat honako hau izango da: "zenbait eremu zehatzaren barruan edo kanpoan egiten den ibilgailuen erabilera". Modu berean, sistemak jakingo du gailu geolokalizatzailea amatatu ote duten. Bestetik, aldundiak aukera izango du posta elektroniko edo SMS bidezko alerta bat jasotzeko hainbat egoeratan. Besteak beste, erabilera denbora jakin bat gainditu denean, geolokalizatzailea deskonektatu denean, denbora gehiegi ralentian egoten denean edota matxura bat gertatu denean.
Beribil eta kamioien flotan horrelako sistema bat abian jartzeko 85.680 euro bideratuko ditu aldundiak, BEZik gabe. Neurriak parke osoari eragiten dio: 34 beribili, 11 kamioiri eta bost traktoreri.