BLAS ARRATIBEL SARIAK

Bizitza osoko ibilbidea aitortu diote Puy Diaz de Tuestari

Erredakzioa 2024ko aza. 27a, 12:39

Bibat museoan egin dute sari banaketa. Argazkia: AFA

Maria Garcia Hermoso eta Amaia Muñoa Goiburu artistek irabazi dute Blas Arratibel artisautza sariketa. 33 urtez ogibidean aritu izan den Diaz de Tuestaren lana aitortzeko ere baliatu dute ekitaldia. 

2024ko Blas Arratibel Sarien banaketan aldundiak aitortza berezia egin dio Puy Diaz de Tuesta artisau eta irakasleari, "artisautzari eskainitako bizitza osoa" omendu nahian. Diaz de Tuesta 33 urtez aritu izan da ehungintzako irakasle modura Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, eta "81 urterekin bere pasioa ehuntzen eta transmititzen jarraitzen du", diputazioak zabaldutako ohar batean nabarmendu dutenez. Artisautzaren irakaskuntzarekin izan duen "konpromisoa" eta ehungintzarekiko dituen "ezagutza eta grina ehunka arabarri transmititzeko" egin duen "ahalegin koherentea" nabarmendu nahi izan diote. Aitortza 250. urteurrenean Arte eta Ofizio Eskolaren aintzatespena izan dela ere erantsi dute.

Aurtengo saridunei dagokienez, Maria Garcia Hermoso eta Amaia Muñoa Goiburu artistak izan dira irabazle. Saritutako lanak eta aurkeztu izan diren gainerako piezak ikusgai jarriko dituzte Bibat Museoan, abenduaren 8ra arte.

Garcia Hermosok A modalitateko saria jaso du Saudade laganatik, merino artileaz eta beste ehun material metalizatuez egindako jantzi batekin. Modalitate horretan jardunean diren artisauak sartzen dira. "Kalitatezko modaren aldarrikapen" bat dela dio egileak. "Ehungintza artisautza gisa aldarrikatzeko modu bat da, globalizaziotik eta gehiegizko kontsumismotik sortutako lowcost modaren aurrean, kantitateak kalitatea ordezkatzen baitu. Nire ama jostunaren ondoan igarotzen nituen egun haietako oroitzapenen emaitza ere bada jantzi hau", azaldu du.

Muñoa Goiburuk oraindik artisau izaera ofiziala ez duten pertsonentzako B modalitateko saria eskuratu du, Munduak badu onik lanarekin. Ezki zurezko taila da, erretxin beltzezko pigmentuarekin. Epaimahaiaren arabera, lanak "naturan inspiratutako forma tradizionalak" ditu, izaera harritsukoa da, eta "higadura" du ere. "Proiektatzen dituen lana eta itzalak ere" nabarmendu dituzte.

Aldundiaren Turismo Sailak urtean behin ematen dituen sariek EAEko eta Trebiñuko Konderriko artisautza lan onenak saritzea dute helburu. Cristina Gonzalez Merkataritza diputatuak artisauen lana goraipatu du, "bertako kulturari eta lanbide tradizionalei eusten" diotela nabarmenduz. "Pieza bakar eta errepikaezin bakoitzean beren bizitzaren zati bat jartzen duten profesional hauen lana aitortu eta nabarmendu nahi" duela adierazi du diputatuak.  

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago