Atzo arratsaldean ebatzi ziren EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Joxerramon Bengoetxea izango da errektore berria, alde handiz gainditu baitu Eva Ferreiraren taldeak jasotako babesa. Zuzenbidearen Filosofian katedraduna da Joxerramon Bengoetxea, irundarra, eta berak gidatuko du unibertsitatea. Sei urteko agintaldia izango du, lehen aldiz, aurten aldatu baita iraupena, orain arte lau urtekoa zena. Abenduaren 3an jasoko du izendapen ofiziala errektore gisa.
Bengoetxearen taldeko Ixone Fernandez de Labastida antropologoak gidatuko du Arabako campuseko errektoreordetza, Manoli Igartuaren lekukoa hartuta. Fernandez de Labastidak kanpainan egindako prozesu kolaboratiboa goraipatu du, "zentroz zentro" ibili direla unibertsitateko komunitatea entzunez, eta jasotako ekarpenak programan sartzen. "Horregatik identifikatu da jendea gure proiektuarekin, denon artean egindakoa izan da".
Sei urteko agintaldia hasita, metodologia parte hartzailea mantenduko dutela hitzeman du Fernandez de Labastidak, "urtero pasako gara fakultate guztietatik, unibertsitatearen egoeraz eta etorkizunaz dauden hausnarketak entzutera". Gasteiztarra da Fernandez de Labastida, berdintasun politikak, euskal kultura eta gizarte mugimenduak aztertu izan ditu bere ibilbidean, besteak beste, eta AFIT Antropologia Feminista ikerketa taldeko kidea da.
Bozen %63,63a lortu du UPV/EHU Denon Artean hautagaitzak, Bengoetxearenak, eta %36,37a soilik Ferreirak. Sektore guztietan irabazi du Bengoetxeak, eta orain arteko gidaritza taldearekin haustura ekarriko du aldaketak, Ferreiraren taldea azken bi hamarkadetako errektoretza taldearen jarraipena baitzen. Bengoetxeak prekarietateari aurre egitea jarri du bere lehentasunen artean.
Aspaldi ez zegoela lehiarik EHUko errektoretzarako hauteskundeetan, eta horrek eragina izan du parte hartzean ere, asko igo da sektore guztietan. Irakasle eta ikerlarien %83ak bozkatu du aurten, aurrekoan baino %22 gehiagok. Administrazio eta zerbitzuetako langileen %69,6ak eman du boza, %30 gehiago duela lau urtekoen aldean, eta ikasleengan ere gora egin du parte hartzeak, %14,6koa izateraino, %13 gehiago.