Israelekin harreman oro etetera deitu du Palestinarekin Elkartasuna taldeak

Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 18:34

Israel desegitera bidean, harreman oro eteteko eskatu dute Gasteizen. Argazkia: Palestinarekin Elkartasuna

Euskal Herrian Israelekin dauden harremanak agerian utzi eta borrokatzera bideratuko dute lana hemendik aurrera. Mobilizazioak deitu dituzte azaroaren 29an, NBEk Palestinaren zatiketa onartu zuen egunean.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak datozen hilabeteetarako asmoak aurkeztu ditu gaur Gasteizen, Auzolana pilotalekuan egindako agerraldian. Israelek Palestinan egiten dituen sarraskiak alde batera utzi gabe, begirada jarriko dute sionismoak mendebaldeko herrialdeetan dituen konplizitateetan, eta Euskal Herrian zehazki.

"Israel hemen hasten da" aldarrikatu dute, Israelen hedapena ez litzatekeelako posible izango AEBen, Europako potentzien eta NATOren babes zuzenik gabe. Horregatik, Israelekin harreman oro etetea jarri dute lehentasuntzat. Jakinarazi dutenez, datozen hilabeteetan agerian utziko dituzte Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako eragileek Israelekin dituzten harremanak, eta horien aurkako borrokak abiatu.

Lau multzotan banatu dituzte Estatu sionistarekin dauden harremanak. Militarrak aipatu dituzte lehenik, "zuzenean hornitzen baitute Israel bere sarraski planifikatua aurrera eramateko". Hornidura saltzeaz gain, segurtasunerako eta gerrarako produktu eta zerbitzuak erostea gaitzetsi dute, "industria militar sionista indartzen dutelako". Harreman diplomatikoak ere salatu dituzte, Israelgo Estatuaren normalizazioa sustatzen dutelako, nazioartean zein maila lokalean, eta "agente legitimo errespetagarri gisa" aurkezten dutelako.

Merkataritza harremanak salatu dituzte hirugarrenik, "proiektu sionistak aurrera egitea ahalbidetzen" dutelako, finantzazioa eta hornidura eskainiz. Azkenik, kultur eta kirol munduko harremanak ere gaitzetsi dituzte, Israelgo Estatuari "aurpegia zuritzeko" funtzioa dutelako.

Zatiketaren urteurrenean protestak Hego Euskal Herrian

Azaroaren 29an, ostiral honetan, mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, NBEk Palestinako zatiketa plana onartu zuten egunaren urtemugan. Palestinar herriari elkartasuna adierazi, Israel inperialismoaren agente gisa seinalatu eta harreman guztiak eten daitezen aldarrikatzea izango da helburua.

Israeli arnasa ematen dioten harreman guztiak eteteko presioa biderkatzea izango da beraz Palestinarekin Elkartasuna taldearen egiteko nagusia aurrerantzean, baina ez dituzte ahaztu Estatu sionistaren ekintzak ere. Gazan duela urtebete areagotutako ofentsiba odoltsua are gehiago bizkortu duela salatu dute. Erasoaldia bizkortzen eta herrialde gehiagotara zabaltzen ari da: "Gazako iparraldea erabat garbitzeko saiakerak; Zisjordanian kolonia berrien eraikuntza; hiriguneetan erasoaldiak eta anexiorako prestaketa; Libanoren aurkako inbasioa; Siria, Yemen eta Iranen aurkako bonbardaketak; estatu sionistaren aurka ari diren taldeetako liderren hilketak…".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago