IRITZIA

"Badakit ez naizela hau bizi duen ez lehena ez azkena"

Maider Mena (izen asmatua da; nahiago izan du benetako izenik ez ematea) 2024ko aza. 25a, 09:00

Argazkia: FREEPIK

Egun hauetan, non geroz eta jende gehiagok indarkeria matxista ukatzen duen, argi utzi nahi dut egunero erasoak ematen direla, eta kasu isolatuak izatetik urrun, modu sistematiko batean erreproduzitzen den zerbait dela.

Selektibitatea amaitu nuen egunean lagunekin atera nintzen parrandan, uda hasi zela ospatzeko. Nire lagunetako bat mozkor-mozkor eginda zegoen. Beraz, diskotekatik atera ginen airea hartzeko. Lagun batzuekin hitz egiten gelditu nintzen eta buelta ematean ez nuen nire laguna aurkitzen. Gau hartan aspaldiko ezagun batzuekin topo egin genuen eta haietako bi momentun horretan han zeuden. Batek esan zidan nire laguna ikusi zuela, eta bera aurkitzera lagunduko zidala; beraz, berarekin joan nintzen.

Bere bila gindoazela, egoera aprobetxatu eta niri musu ematen saiatu zen, baina urrundu egin nintzen, eta esan nion ez nuela horrelakorik nahi, berarekin nengoela nire laguna aurkitzeko. Hala ere, berriro saiatu zen "pixka bat bakarrik" esanez eta eskua nire soinekoaren azpitik sartuz. Berriro lortu nuen gainetik kentzea, baina oraingoan lehen aldian baino gehiago kostatu zitzaidan.

Hala eta guztiz ere, nire lagunak gertu egon behar zuela esan zidan, handik ikusi zuelako. Beraz, oraingoan bere bila joango ginela pentsatu nuen, ezetza ulertu zuela. Baina ez zen horrela izan, plaza batera eraman ninduen, eta oraingoan ezin izan nuen ihes egin. Behin eta berriz esaten zidan bizitza osoa zeramala hori imajinatzen, beti ipurdia begiratzen zidala ukitu nahian. Nire tanga kentzen saiatu zen eta lortu zuen, etxera biluzik itzuliko nintzela errepikatzen zidan bitartean. Behin eta berriz esaten nion gelditzeko eta alde egiten uzteko, baina ez zitzaion batere axola.

Gero etorri zena ez dut ondo gogoratzen, hilabeteak aurrera egin ahala gauza berriak gogoratzen ditut. Dudarik gabe, nire oroitzapenik mingarriena momentu horretan pentsatu nuena da: geldirik gelditzen banintzen lehenago amaituko zuela, eta min gutxiago izango nuela.

Okerrena da horrelako zerbaiten ondoren zalantzak baino ez daudela, zure buruarekiko nazka eta erru pila bat. Orain beldur eta intseguritateak baino ez zaizkit geratzen, lo egiten eta nire bizitza lehen zen bezala jarraitzen uzten ez didatenak. Eta badakit ez naizela hau bizi duen ez lehena ez azkena. Zoritxarrez, astero albiste berri bat dago, kasu berri bat, eta astero isilean gertatzen diren erasoak daude. Eta nik, duela urte batzuk indarkeria matxistaren testigantzak jasotzeko liburu bat sortzeko ideia izan nuela, hemen idazteko zerbait duen azkena izan nahi dut, inor ez dadila berriz ere hain bakarrik eta errudun sentitu.

Egun hauetan, non geroz eta jende gehiagok indarkeria matxista ukatzen duen, argi utzi nahi dut egunero erasoak ematen direla, eta kasu isolatuak izatetik urrun, modu sistematiko batean erreproduzitzen den zerbait dela.

Maider Mena (izen asmatua da; nahiago izan du benetako izenik ez ematea)

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago