"Egoera jasanezina" salatu dute erresidentzietan

Erredakzioa 2024ko aza. 22a, 06:00

Ostegun arratsaldean manifestazioa egin dute langileek Gasteizen. Argazkia: ELA

Familien artean dagoen kezka areagotu egin dela salatu dute erresidentzietako langileek; eta beste sektore eta lurralde batzuetara "ihes" egiten ari direla profesionalak.

Arabako erresidentzietako eta etxebizitza komunitarioetako langileek 38. greba eguna egin dute ostegun honetan. ELAk eta LABek oso positibotzat jo dute greba eguna, "oztopo guztien gainetik, lankide asko kalera atera direlako lan baldintza duinak aldarrikatzeko". Mobilizazioetan salatu dute sektoreak "pairatzen duen prekarietate egoera eta erabiltzaileei eskaintzen zaien asistentzia kalitate eskasa".

Hilabeteotan egoitzetako egoeraren inguruko salaketak bata bestearen atzetik etorri direla azpimarratu dute langileek, eta horren atzean dagoela familien artean dagoen kezka areagotzea. Gainera, erresidentzietako profesionalek beste sektore eta lurralde batzuetara ihes egiten ari direla azaldu dute, "prekarietate honetan ezin dugulako zaindu, Arabako egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan egoera jasanezina delako, eta sektore honek merezi duen aitortza jaso gabe jarraitzen duelako".  Ildo horretan, gogoratu dute egoitzetako langile askok dituzten oinarrizko soldatak ez direla gutxienekora iristen.

Langileek salatu dutenez, Arabako Foru Aldundia "gertutasun eredua suntsitzearen alde egiten ari da", plazak ituntzeko "makro egoitza" berriak eraikiz. Horren aurrean, beste sektore batzuetan egiten diren neurri bereko inbertsio ekonomikoak galdegin dituzte, eta politika aldaketa. 

Bestalde, lan hitzarmen probintzialaren negoziazioan sektoreko patronalak duen jarrera ere gaitzetsi dute langileek, sektorearen "debaluazioa" sinatzeko eskatzen duelako, "apenas hobekuntzarik jasotzen ez duen hitzarmen bat onartuz".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago