Apilaizko gaztainadia eta Artziniegako artea nabarmentzeko bozak behar dira

Erredakzioa 2024ko aza. 21a, 14:38

Apilaizko gazatainadiak eta Artziniegako arteak ordezkatuko dute Araba.

2025eko urteko baso eta zuhaitz saria jaso dezaten aukeratu ditu Mugarik Gabeko Basoak erakundeak. Botoa emateko epea azaroko 15etik abenduaren 15era artekoa da.

Apilaizko gaztainadia eta Artziniegako artea hautatu ditu Mugarik Gabeko Basoak erakundeak 2025eko urteko baso eta zuhaitz saria jaso dezaten. Planetako zuhaitzak eta basoak babestea, kontserbatzea eta zabaltzea helburu duen erakundeak finalista gisa aukeratu ditu, sari hori lortzeko lehiatzen diren beste 12 hautagairekin batera.

Proposamen irabazlea zehazteko, herri bozketa bat jarri dute abian; web orriaren bidez. Botoa emateko epea hilabete honetako 15etik abenduaren 15era artekoa da. Gizartearen aintzatespena eta errespetua merezi duten zuhaitz eta basoen balioa nabarmentzen du sariak, eta Espainiako estatuan irabazle ateratzen den zuhaitza 2025eko Europako Zuhaitzaren hautagaia izango da.

Artziniegako armarriko artea

Artziniegako artea 25 metroko garaierako eta 500 urtetik gorako Quercus ilex bat da, eta  udalerriaren historiarekin duen loturaren erakusle da armarrian ageri dela. Inguruan, Ordunteko Batzarra biltzen zen, Soxoguti, Erretes Tudela, Mendieta eta Santa Koloma herriek osatua, gai komunak ebazteko, hala nola mendien eta larreen aprobetxamendua. Gainera, XX. mendeko lehenengo urteetara arte, haren azpian kobratzen ziren Arteko Azokan abereak sartzeko zergak, urtero irailaren 8an, Andra Mariaren Jaiokundearen egunean.

Erkidegoko zuhaitz handienetako bat da, eta Zuhaitz Berezia deklaratu zuten 1995ean; eta 2022tik Natura Monumentuaren kategoria dauka. Horri esker, babes araubide berezia du.

Apilaizen, gaztainadi handiena

Apilaizko gaztainadia, berriz, 13 hektareako azalera du, eta erkidegoko handiena eta ondoen kontserbatutakoa da, alde handiarekin. Apilaizen, 1762an eta 1848an egindako gaztainondo landaketak egiaztatu dira. Gaztainondo gehienek 175 eta 260 urte bitarteko zuhaitzak izateko tamaina handia badute ere, horietako batzuk, herritik hurbilen daudenak, benetan apartekoak dira tamainari dagokionez. Ugariak dira 5, 6 eta 7 metroko perimetroa duten aleak, eta batzuk 8 metro baino gehiagokoak.

Gaztainondo landaketak Arabako Foru Aldundiak sustatu zituen bere garaian, Arabako negu gogorretan herrietarako elikagai osagarri izan zitezen.

Gaztainadia Izkiko Parke Naturalaren barruan dago, eta Natura 2000 Sarean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago