Haurtxoak zikloak Federico Garcia Lorca antzokiko ateak irekiko dizkie Gasteizko txikienei (0-5 urte) eta haien familiei. Lau proposamen eta tailer bat prestatu dute publiko horrentzat, saio bikoitzean, 12:30ean eta 18:30ean. Horietan, zuzeneko arteez gozatu ahal izango dute, dantzan, musikan, arte bisualean, arte-esperimentazioan eta antzerkian murgilduta.
Larunbat honetan, azaroak 23, hasiko da Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren atal hau Aboon Tetroren El árbol de la vida emanaldiarekin. Hizkera sinboliko, sentikor eta minimalistaren bidez irudimenari bide ematen dion bidaia zirraragarria da. 35 minutuko iraupena du, eta hautazko 15 minutuko jolas-espazioa.
Hurrengo egunean, igandean, azaroaren 24an, Enguna Teatreren Universen txanda izango da. Emanaldia haurtxoentzako esperientzia sentsoriala da, poesia bisualez, zuzeneko musikaz eta mugimenduz betea. 40 minutuko iraupena du.
Musika eta irudiak
Hirugarren proposamena Zig Zag Danzaren Mimesis da. Larunbatean, azaroaren 30ean, butaka-patio tradizionala egokitu egingo dute 40 minutuz, haurtxo eta familiak 360 graduan koka daitezen ekintzaren inguruan. Ekintza hori erritu bat da, antzezpen bat, komunikazio-jolas bat eta partekatutako esperientzia bat imitazioaren bidez oinarrizko zenbait elementurekin: musika, irudiak eta mugimendua.
Zikloa Teatro Paraisoren Leihoak emankizunak itxiko du abenduaren 1ean. Antzezlanak Lehen Haurtzarorako ikuskizun onenaren Feten saria jaso zuen 2022an. Itzaletik argira, abstraktutik figuratibora, irudi-multzo aldakor batek unibertso oniriko eta harrigarri bat sortuko du euskaraz 40 minutuz.
Bestalde, aurten La casa de Tomasa jolas-tailerra antolatu dute, eta Lakua gizarte etxean eskainiko dute, abenduaren 1ean 11:00etan eta 17:00etan.