Ambulancias Gipuzkoak ordezkatuko du La Pau enpresak ematen zuen zerbitzua

Erredakzioa 2024ko aza. 20a, 11:50

Hilabeteak eman dituzte La Pau enpresako langileek protestan. Argazkia: LSB-USO

Osasun sailak presazko prozedura bidez kontratatu du Arabako anbulantzia zerbitzu berria. La Pau enpresarekin aldaketa "modu ordenatuan" egingo dela iragarri dute, eta asistentzia uneoro bermatua egongo dela.

Azaroaren 25etik aurrera La Pau enpresak ez ditu Arabako osasun garraio zerbitzuak kudeatuko. Enpresarekin izandako arazo eta urritasun ugarien ondorioz, presazko prozedura bidez esleitu diote zerbitzua Ambulancias Gipuzkoa enpresari. Bizkaiko zerbitzua ere galdu du La Pauk.

Anbulantzietako langileen hilabete luzetako protestek arazoaren larritasuna agerian utzi ostean, joan den urriaren 22an akordioa lortu zuen osasun sailak Kataluniako La Pau enpresarekin, zerbitzua modu ordenatuan utzi zezan, eta hurrengoen esku gelditu arte asistentzia zerbitzua etenik gabe mantenduko zela bermatzeko. Neurri administratiboak eta zigor ekonomikoak ere jaso ditu La Pauk hilabeteotan, zerbitzuan izandako gabezia ugarien ondorioz.

Osasun sailak adierazi du presazko prozedura hau zela irtenbiderik "azkar, eraginkor eta egokiena", eta pazienteen eta langileen egoera hobetuko dela esan dute, "zerbitzuaren kalitatea ziurtatuz". Araba Anbulantziak izango da Ambulancias Gipuzkoa enpresak hartuko duen marka, Araban egiten dituen zerbitzuentzako.

Langileen eta sindikatuen protestetan adierazi izan dute enpresa aldatzeak ez duela "sakoneko arazoa" konponduko. Kanpaldi bat egin zuten Gasteizko erdialdean joan den astearen hasieran, osasun garraioaren zerbitzua publifikatzea exijitzeko, eta han eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari "arduraz jokatu, langileekin dauzkaten zor guztiak ordaindu eta anbulantzia zerbitzuaren pribatizazioa amai dezala"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago