2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hamabi urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute Alavabusen eta Eskualdeko Garraio zerbitzuetan, aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren sailak zazpi milioi euro gehiago bideratuko baititu zerbitzu hauen finantzaziora, aurten baino %35 gehiago. Deskontu progresiboaren sistema finkatzeko ere erabiliko da diru kopuru hori.
Jon Nogales, saileko foru diputatuak iragarri ditu neurriak, datorren urteko aurrekontuak aurkezteko egindako agerraldian. 61,8 milioi euroko aurrekontua izango dela aurreratu du, eta bi lehentasun aipatu ditu diputatuak, "mugikortasun jasangarriko politikak bultzatzen jarraitzea, foru garraioa etengabe hobetuz, eta gure errepideen bide segurtasuna indartzea, behar bezala mantenduz eta modernizatuz".
Deskontu progresiboen sistema BAT txartel pertsonalizatuarekin dabil, eta hazi egingo da Alavabusen eta Eskualdeko Garraioen prezioan jasotzen den hobaria. Ohiko bidaiariak saritzen ditu sistemak, eta hilean egindako bidaia kopuruaren arabera deskontu handiagoa jasoko dute erabiltzaileek. Hilean 1-20 bidaia eginez gero, %40ko deskontua; 21-50 bidaia artean, % 48koa; eta %56ko deskontua jasoko dute hilean 51 bidaiatik gora egiten dituztenek.
200.000 euroko partida berri bat ere jaso dute aurrekontuetan, garraio publikoaren zerbitzuan aparteko neurri eta errefortzuak indartzeko, Aiaraldea eta Galdakaoko ospitalearen arteko lotura hobetzeko, adibidez.
Bidegorri berriak eta errepideen hobekuntza
Nogales diputatuak nabarmendu du inbertsio handia egingo dela Arabako errepideak mantendu eta modernizatzeko: "27,4 milioi euroko inbertsio ahaleginari eutsiko diogu, martxan dauden proiektuak amaitzeko, besteak beste, Legutioko saihesbidea, Maeztu eta Elortza artean A-3114 errepidea egokitzeko proiektua eta Eztarroa parean A-3302 errepidea hobetzeko proiektua".
Bestalde, 7,4 milioi euroko partida bat iragarri du Nogalesek, Armiñongo lotunea handitzeko lehen fasea amaitzeko, eta A-1 errepidea eta AP-1 ordainpeko autobide zaharra lotzen dituen loturan bigarren faseko obrak hasteko. Obra hauekin oporraldietan izaten diren auto pilaketak saihesteko helburua dute.
Arabako Bizikletaren Estrategia garatzeko ere izango da diru partidarik, 127.000 euro bideratuko baitituzte horretara 2025ean. Erabilera sustatzeaz gain, 2,1 milioi euroko partida esleitu dute Gasteiz eta Arabako Parke Tekologikoaren artean bizikleta bidea egiteko, eta beste 100.000 euro Guardia eta Eltziego artean bizikleta bide baten proiektua idazteko.