Jone Berriozabal izango da Arabako EAJko burua

Erredakzioa 2024ko aza. 19a, 18:29

ABB gidatzen duen lehen emakumea izango da Berriozabal. Argazkia: EAJ

Araba Buru Batzarreko lehendakari izendatuko dute larunbatean, alderdi barruko prozesuan Gorka Urtaranek baino babes gehiago jaso baitu.

Arabako EAJk emakumezko lehendakari bat izango du lehen aldiz, larunbatean Gasteizko Landaburu Etxean egingo duten batzarrean Jone Berriozabal (Durango, 1982) hautatzen dutenean. Alderdiaren hautagai ofiziala izan da Berriozabal, baina Gorka Urtaran alkate ohiaren hautagaitzak zalantzak sortu ditu prozesuan zehar, zenbait jeltzale historikoren babesa jaso baitu Urtaranek, alderdiaren zuzendaritzarekin kritiko izan direnak.

Zalantzak zalantza, Berriozabalek Urtaranen babes bikoitza lortu du barne hautaketa prozesuan, eta larunbatean bera izendatuko dute ABBko lehendakari. Bizkaian 2013an hautatu zuten Itxaso Atutxa BBBko lehendakari, lehen emakumezkoa, eta hark politika utziko duenean hautatuko dituzte beste bi emakume lehendakari gisa, Gipuzkoan Maria Eugenia Arrizabalaga eta Berriozabal Araban.

Zuzenbideko lizentziaduna da Jone Berriozabal, euskaraz egiten du, eta Arabako aldundian dabil egun, Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu gisa. Kargua utzi beharko du ABBko lehendakari izendatzen dutenean, bi postuak ez baitira bateragarriak. 42 urte dituen arren, Arabako Buru Batzarreko idazkaria izandakoa da Berriozabal, eta 2008tik 2020. urtera legebiltzarkide izan zen, baita Autogobernu Lantaldeko buru ere epe horretako azken legegintzaldian.

Egungo ABBko lehendakaria den Jose Antonio Susoren gertukoa da, eta azken asteetan alderdiko beste politikari garrantzitsu batzuen babesa jaso du, Ramiro Gonzalez edo Joseba Diez Antxustegirena, esaterako. Roman Berriozabal, Joneren aita, jeltzalea da eta Arabako Batzar Nagusietako kidea izan zen.

EAJ barruko lehia

Tentsioa izan da Arabako EAJn azken asteetan, Gorka Urtaran alkate ohia eta Jone Berriozabalen arteko lehiaren ondorioz. Alderdiaren Gasteizko lau batzarretik hirutan Berriozabal aise gailendu bada ere, hiri osoko bozak zenbatuta %45ak Urtaranen alde egin du, eta sektore kritikoaren pisua nabarmena izan da.

Susok, egungo ABBko lehendakariak, kritikak jaso zituen bere garaian Gorka Urtaran ez mantentzeagatik alkatetzarako hautagai gisa, eta Beatriz Artolazabal jarri zuelako bere ordez. Erabaki horrekin, lehen indarra izatetik laugarrena izatera igaro zen EAJ Gasteizko Udalean. 

Urtaranek babes esanguratsu ugari jaso ditu, Berriozabal eta zuzendaritzaren aurkako lehian. Duela 15 bat urte Iñaki Generabarrena babestu zutenek Urtaran babestu dute oraingoan, eta baita Estefania Beltran de Herediak, Juan Mari Ollorak, Izaskun Martinez de Lahidalgak edo Jose Angel Cuerdak, beste batzuen artean.

Berriozabalek, berriz, babes gazteagoak izan ditu inguruan, aurrez aipatutakoez gain. Ander Añibarro legebiltzarkidea edo Anartz Gorrotxategi, Arraia-Maeztuko alkate ohia agertu izan dira Berriozabalekin batera. Gorrotxategik Lurralde Antolaketa eta Lurralde Oreka sailean zuen postua utzi berri du, Amaia Barredoren aholkulari postura igarotzeko, eta iturri batzuen arabera Berriozabalen zuzendaritzan postu garrantzitsua izan dezake Gorrotxategik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago