Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo sailak enplegua eta ekonomia sustatzeko diru sorta berriak aurkeztu ditu 2025. urtera begira. Cristina Gonzalez diputatuak aditzera eman duenez, kalitatezko enplegua sortzeko bi miloi euro bideratuko dituzte, Arabako ekonomiaren hainbat arlotan eragiteko asmoz. Bestalde, tokiko merkataritza eta turismo sektoreari laguntzeko ere 2,8 milioi euro baino gehiagoko laguntza emango dute.
Kalitatezko enpleguari dagokionez, lana lortzeko zailtasunak dituzten sektoreek laguntza berezia jasoko dute, haientzako bideratuta egongo baitira 700.000 euro, "aurten bideratutako baliabideen bikoitza baino gehiago", Gonzalezen hitzetan. Gainera, eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetzan egingo dutela iragarri du.
Azaldu duenez, berariazko enplegu politikak garatuko dituzte "zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako", hala nola, prestakuntzarik gabeko gazteak, 45 urtetik gorakoak, pertsona kalteberak, etorkinak eta langabezian denbora luze daramatenak.
Langabezia tasa "pixkanaka murrizten jarraitzeko" asmoa azaldu du ahaldunak, eta Araban "erabateko enplegu teknikoa" lortzeko bidean aurrera egitekoa. 64,1 milioi euroko aurrekontua du datorren urterako Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren sailak, aurtengoa baino %1,4 handiagoa. Horren barnean, 6,1 milioi euro izango ditu Enplegu, Merkataritza eta Turismo zuzendaritzak, eta aurrekontuaren ia erdia, 2,8 milioi baino gehiago, tokiko merkataritza eta turismo sektoreari zuzenean laguntzeko erabiliko dituzte