Arabako Foru Aldundiaren 2025eko aurrekontu proiektuak 702 milioi euro izango ditu, gaur aurkeztu dutenez, aurtengo kontuak baino %5,2 gehiago. Horietatik 170,7 milioi euro inbertsioetarako izango dira eta 288 milioi gizarte-politiketarako. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Itziar Gonzalo Ogasun diputatuarekin batera aurkeztu ditu kontuak, eta uste du "oso denbora gutxian" posible izango dela oposizioko alderdi batzuekin akordioa lortzea.
Kontu horiekin, besteak beste, "lurraldeko proiektu estrategikoen" garapenari behin betiko bultzada eman nahi diote hurrengo urtean. Hala nola, Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (BAM), Ardoaren Bikaintasun Zentroa (EDA), zergak digitalizatzeko proiektua, Zahartzearen Ikerketa Zentroa, azpiegitura berrien eraikuntza (tamaina handikoak kudeatzeko zentroa), Arabako Errioxako Kuadrillako garbigunea eta Eskalmendiko laborategiko instalazioen egokitzapena.
Gizarte gastua
Gizarte politikak indartzea lehentasuna da foru kontuetan, nabarmendu dutenez, eta 299 milioi euro bideratuko horretara. Biztanleko gizarte-gastuan egindako inbertsioa "berriro gainditu" dela nabarmendu du ahaldun nagusiak, 892 eurora iritsita. "Gizarte-babesaren arloan buru gaude, beste autonomia erkidego batzuek inbertitzen duten kopurua bikoiztuz", esan du Gonzalezek. "Gure helburua da pertsona bakoitzak kalitate goreneko baliabideak eta zerbitzuak eskura izatea".
Toki entitateei dagokienez, esan du aurreko ekitaldian baino diru-hornidura handiagoa izango dutela. Zenbateko ekonomikoa 353 milioikoa da, eta % 8,4ko hazkundea da udalen eta kontzejuen beharrei erantzuteko. TEFFren bidez banatutako baliabideak eta beste partida batzuk, hala nola Plan Gehigarria, Obra eta Zerbitzuen eta Obra Txikien Foru Plana. Horrek 1.053 euro dakar arabar bakoitzeko eta finantzaketa-urte bakoitzeko.
Aparteko finantzaketa gisa, Gasteizek 6,5 milioi euro izango ditu; horietatik 4 milioi TEFFren osagarri gisa datoz, eta 2,5 milioi foru erakundeak ematen duen hiriburutza kanonetik.