Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanagatik aitortza jaso dute bost entitate arabarrek. Laudioko Grafik sarea eta Hyundai Eskak jaso dute saria, eta baita Gasteizko Sartu Alava, Elkar San Prudencio eta Jimmy Jazz aretoak. Bostek dute Bai Euskarari Ziurtagiria.
Artiumen egin dute sari banaketa gaur goizean, eta bertan egon dira Arabako lan munduko, euskararen arloko eta instituzioetako ordezkariak, eta baita kultura arloko pertsonak ere. Edurne Azkarate aktoreak egin ditu aurkezpen lanak.
Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari elkarteko aholkulariak euskara lan munduan hedatzeak duen garrantzia nabarmendu du, eta gogorarazi du, Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi bezala, euskara larrialdi linguistikoan dagoela. "Berehalako neurri eraginkorrak" hartzeko deia egin du. Gaineratu du ezin dela gertatu "hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa, lan munduan galtzea". Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ere dei egin die Arabako enpresei, euskara barneratzeko urrats gehiago egin ditzaten.
Bi Laudion, hiru Gasteizen
Grafik Sareak branding-a, seinaletika eta produktu korporatiboen arloan egiten du lan, eta hamar urte baino gehiago dira Bai Euskarari ziurtagiria daukatela. Euskaraz eskaintzen dituzte zerbitzuak, eta barne funtzionamendua ere euskaraz egiten dute.
Sartu Alava irabazi asmorik gabeko erakundeak gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzen du, zerbitzu publikoaren ikuspegitik. Azaldu dutenez, 2018tik daukate Bai Euskarari ziurtagiria eta azken urteetan aurrerapauso handiak eman dituzte barne mailako dokumentu eta tresnetan.
Elkar San Prudentziok "ahalegin handia" egiten du, antolatzaileen esanetan, bezeroei euskarazko zerbitzua eskaintzeko, eta aspalditik dute Bai Euskarari ziurtagiria. Euskal Herri osoan zabalduta dago Elkar, eta Gasteizko denda izan da oraingoan saritua.
Laudioko Hyundai Eska enpresan euskaraz ematen dute autoak konpontzeko zerbitzua. Bost langiletik lau dira euskaldunak, eta "Zerbitzua euskaraz" maila daukate Bai Euskarari ziurtagirian.
Jimmy Jazz aretoak hamabost urte bete ditu aurten, eta aldundiaren hitzetan "lan dezente" egin dute urte hauetan euskara bere negozioan txertatu eta inguruan zabaltzeko, Bai Euskarari ziurtagiria duela gutxi eskuratu badute ere. "Euskal kulturari zabaltzeko ezinbesteko leihoa da Gasteizen", aldunditik azaldu dutenez.