Aspaldi zebiltzan elkartzeko zain, taldekideen artean bazkari bat noiz egingo, eta Izarratik heldutako proposamen batekin batu da berriro ere Trikitixa Kontrairo. Herriko jaietan jo zuten joan den urriaren 5ean, eta jarraian Aitzina Folk jaialdiak egindako proposamenari helduko diote azaroaren 30ean ere; hogei urte eta gero, oholtza gainean izango da hainbat urtez hamaika plaza dantzan jarri zituen taldea. Jimmy Jazz aretoan oraingoan, 20:30ean, kontzertu solidarioa eskainiko dute Fillas de Cassandra taldearekin batera.
Bere garaian musika egiten ondo pasatzea zuen helburu nagusia Kontrairok, folklorea biziberritzeko asmoz sortutako taldea, eta, bi hamarkada ostean, ilusio berarekin elkartu direla gogoratu du Ruben Egia taldekideak. Printzipioz bi kontzerturekin emango diote amaiera, baina ez dute momentuz aterik ixten. "Egia esan, inoiz ez dugu despedidarik izan, orain bueltatu gara, eta, batek daki, atea irekita uzten diegu etor daitezkeen proposamenei", esan dio ALEAri taldeak egunotan dituen entseguetako batean. Gainera, espero zuten baino errazago hartu diote neurria berriz ere taldeari, besteak beste, zenbait kidek musikan jarraitu dutelako urteotan, eta musika egiteko gosea ere piztu die beste zenbait taldekideri.
"Ez diegu aterik ixten etor daitezkeen proposamenei"
Ruben Egia
1993an Gasteizko gaztetxean egindako festa baten aitzakiarekin hasi zen Trikitixa Kontrairo taldea, eta, egun hartako arrakastak bultzatuta, beste hainbat lekutan jotzeko aukera izan zuten. Urtebete beranduago maketa grabatu zuten Mekoletan, Josu Zabalaren eskutik, eta herririk herri ibili ziren harekin. Trikitixa Kontrairo & The Big Band Probisionala diskoa grabatu zuten, eta, urte batzuk beranduago, Bazen garaia, kantu tradizionalekin batera beraiek sortutako zeltiar kutsuko kantekin.
Ehunka plaza eta jaialdi bete ostean, 2004an, dena hasi zen Gasteizko gaztetxean bertan eman zuten azkeneko kontzertua, tarteka kolaborazioren bat egiten jarraitu bazuten ere. Eta hogei urte igarota, taula gainean izango dira berriz ere. "Berriz jo? Sekulako nagia eman zidan hasieran Iñigo taldekideak egin zigun proposamenak, aitortu behar dut, baina zoragarria izan da berriro elkartzea, aspaldiko kontuak gogoratzea... Hainbeste bizipen ditugu elkarrekin! Entsegu, kontzertu eta afari artean bakarrik...", aipatu du Amaia Irureta taldekideak. Dozenaka oroitzapenen artean, bereziki kontzertu ostekoak ditu gogoan, eta horietako bat Izuran (Nafarroa Beherea) izan zen; kontzertuaren ondoren, hango mutil batek eraman zituen taldekideak etxera lotara, eta hurrengo egunean sekulako jaia antolatu zieten etxean: "Guretzako bazkaria zuten prest, gero dantza eta kanta, sekulako erromeria izan zen, primeran pasa genuen!".
"Gurekin plazak bete zituzten horiek berriz ikusteko aukera izango da"
Amaia Irureta
Hilaren 30eko hitzordua horiek guztiak gogoratu eta berriz ere ederki pasatzeko festa izango dela uste du Iruretak, oraingoan, gainera, ataxia telangiektasia sendatzeko ikerketari ekarpena egiteko asmoz. Egia eta Iruretarekin batera, Uraitz Soubies, Jose Fernandez de Okariz, Iñigo Lopez de Santiago, Jorge Domezain, Aitziber Zubiaur, Iker Barrientos, Ruth Crespo, Iraide Ortiz, Xabier Valle eta Maribel Lopez de Luzuriaga elkartuko ditu berriz ere Kontrairok. "Lagun pilo bat ikusteko jaia izango da, gurekin batera hogei urtez herri desberdinetako plazak bete zituzten horiek berriz dantzan ikusteko aukera".