Hiru argazki bilduma garrantzitsuren dohaintza jaso du aldundiak

Erredakzioa 2024ko aza. 14a, 12:39

'Juan Cortazar', 'Lopez de Guereñu Iholdi' eta 'Jose Antonio Dominguez' bildumek 1948tik 1993ra arteko laurogei mila argazki baino gehiago dituzte, hirurek batera.

Arabako Foru Aldundiak hiru argazki bilduma garrantzitsuren dohaintza sinatu du gaur. Arabako Artxiboaren funtsetara batuko dira argazki horiek, modu iraunkorrean kontserbatzeko. Gaurtik aurrera, hiru bilduma horietako hogei mila irudi egongo dira eskuragarri Photo-Araban, Arabako Artxiboaren Interneteko atarian.

Ana del Val Kultura diputatuak eskerrak eman dizkie emaile guztiei Arabako ondare historikoa aberasteko izan duten eskuzabaltasunagatik eta konpromisoagatik: "Dohaintza horiek oparia dira gure lurralderako; izan ere, gure iraganaren gaineko ezagutza handitzen dute, eta gure kultura ondarearen aberastasunaren erakusgarri dira. Argazkietan hiriak zein toki txikiak agertzen dira, hala nola jauregiak, baserriak, elizak eta baselizak, zubiak, gurutzadurak, bolatokiak, garbitokiak eta abar.

Gerardo Lopez de Guereñu Iholdi bilduma (1928-1989) bere seme-alaba Zuriñe eta Xabierrek eman dute dohaintzan, eta 50.000 negatibo eta diapositiba inguru biltzen ditu, Arabako etnografiaren ikertzaile eta dibulgatzaile nabarmen horrek eginak, bere aita Gerardo Lopez de Guereñu Galarragaren lanari jarraipena emanez.

Juan Cortazar Larrea bilduma (1924-1999), berriz, bere seme Patxik dohaintzan emana da, eta tokiko eraikitzaile eta mendigoizale horren interes handiko 30.000 negatibo eta diapositiba baino gehiago biltzen ditu. Herri eta paisaien argazkilaritzaren zale izan zen, eta 1974an Everesterako Tximist espedizioan parte hartu zuen.

Jose Antonio Dominguez bildumak Arabako eta Trebiñuko herri guztien 1991tik 1993ra bitarteko ikuspegi orokorrak biltzen ditu, eta txikiagoa da aurrekoak baino (1.799 argazki).

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago