Arabako ibaien eta ur masen egoera dela eta, kezka agertu du Zadorra Bizirik plataformak. Ohar batean, ekologistek ohartarazi dute urteak igarota ere Arabako ur masek ez dutela "hobera egiten", eta iragarri dute ez dutela egingo etorkizunean, ezta hori arautzen duen Europa mailako zuzentaraua "beste hamabi urte luzatuta ere".
Plataformak azaldu duenez, Europako Batasunak 2015. urterako behartu zituen estatu kideak ur masen egoera global ona berreskuratzera —egoera kimiko-biologikoa eta hidromorfologikoa aintzat hartuz—, baina, "egoera konpontzeko ezintasunaren aurrean", beste hamabi urteko luzapena egin zuen.
Gure lurraldearen kasuan, ibaiek 733 kilometro hartzen dituzte. Zadorra, Ibaizabal, Purón, Omecillo, Ega, Arakil, Deba, Baia, Ebro eta Jugalez ibaien arroek hartzen duten tartea 46 ur masatan banatuta dago, eta irizpide horren arabera ebaluatzen du egoera zertan den Europako Batasunak zehaztutako Uraren Esparru Zuzentarauak.
Luzapena egonda ere, "badirudi Arabak ez duela beteko", salatu du plataforma ekologistak. Diotenez 46 ur masetatik %65ek ez dute "egoera global ona" betetzen. Horietatik, %80k 2015. urterako hobetzeko helburua zuten, gainerako %20ak 2027. urterako data jarrita dutelarik.
Plataformak onartu du zuzentaraua martxan egon den 25 urteetan egoera "zerbait hobetu" dela, "alde kimikoaren aldetik bereziki", sintesiko konposatu kimiko poluitzaileei erreferentzia egiten bide dien aipamen batean. Hobekuntza horretan nabarmendu nahi izan dute zenbait araztegi "eraiki eta hobetu" direla, eta horrek giza isuriak gutxitu dituela.
Halere, kezka agertu dute ibaiertzetako landarediaren eta faunaren egoeragatik, "ez baita berreskuratzen". Horri gehitu diote gainerako hezeguneen egoera "tamalgarria" eta akuiferoetan dagon nitratoen kutsadura. Arabaren kudeaketa hidrikoak "horrela ezin duela jarraitu" aldarrikatu dute; kontrara, sinetsita daude "beharrezkoa eta premiazkoa" dela kudeaketa hidrikoa aldatzea, modu "koordinatu eta irmoan".