Bibat museoan Arabako historia zaharra hobeto ezagutzeko aukera zabaldu dute. Arrojeta: Historiaurreko herrixka eta galtzada erromatarra. Begirada bat 5.000 urte baino gehiagoko historiari Arabako bihotzean, hala deitu diote zabaldu berri den erakusketari. Aldi baterako erakusketen aretoan egongo da ikusgai, urtarrilaren 6ko astera arte.
Adif-ek Gasteiz inguruan abiadura handiko linea eraikitzeko obrek agerian utzi zuten Astorga eta Bordele lotzen zituen bide erromatarra (Iter XXXIV), eta protokoloa jarraituz ikerketa arkeologikoa abiatu zen, babestu beharreko ondare arkeologikoa zaintzeko. Galtzadaren zati bat kontserbatzen zela ikusi zuten orduan, eta horrez gain, duela 5.000 urteko herrixka bat aurkitu zuten leku berean.
Qark Arkeologia enpresak gidatu du azterketa arkeologikoa. Batetik, kristo ondorengo I. mendean eraikitako galtzada erromatarraren zati "garrantzitsu bat" dokumentatu ahal izan dute, "ia gaur egunera arte erabili izan dena". XVII-XVIII. mendeen inguruan birmoldatu omen zen. Trenbidearen ondoko bideetako baten azpian kontserbatu ahal izan dute galtzadaren zati bat.
Era berean, herrixka kalkolitiko garrantzitsu bat ere dokumentatu ahal izan dute, Kobre Arokoa. Galtzada baino 2.000 urte lehenagoko herrixka da topatu dutena, eta Arrojeta izena jarri diote. Hiru fase nagusi izan omen zituen bere historian, eta herrixkaren garrantzia erakusten duten elementu ugari aurkitu dituzte. Biltegiratze siloak, etxebizitza zirkular bat, eta eraikin handi bat, "eraikin publikoa" edo "herrixkan garrantzitsua zen estamenturen baten eraikina" izango zena. Aire zabaleko labe handiak ere identifikatu dituzte.
Urtarrilaren 6ko astera arte egongo da ikusgai erakusketa Bibat museoan, eta han emango dituzte azalpenak aurkikuntza honen eta garai historikoaren inguruan. Aztarnategi honetako zein beste batzuetako piezak batu dituzte, garai desberdinetakoak.