Jazarpenaren kontrako protokoloa ezarri dute Batzar Nagusietan

Juanma Gallego 2024ko aza. 13a, 10:16

Batzar Nagusietako langileei ez ezik, bertaratzen diren guztiei ezarriko zaie protokoloa. Argazkia: AFA

Batzorde batek jasoko ditu idatzizko salaketak, eta horien gainean erabakitzeko ahalmena izango du. Besteak beste, jazarpen laborala, psikologikoa, sexuala edo generoagatikoa bere gain hartzen ditu.

"Bere forma eta modalitate guztietan", indarkeria eta jazarpenari aurre egiteko protokolo bat martxan jarri dute Arabako Batzar Nagusiek. 

Erakundeak ohar batean ezagutzera eman duenez, protokoloak honako arlo hauek aintzat hartzen ditu: lan jazarpena, psikologikoa, sexuala, sexuan edo genero identitatean oinarritutakoa eta ziberjazarpena. Kasu horien aurrean jarduteko prozedura bat, neurri zehatzak eta ebaluazio eta eguneratze prozesu bat biltzen ditu protokoloak.

Protokoloan zehazten den prozedurak "konfidentzialtasun eta babes-berme zehatzak aurreikusten" dituela dio foru erakundeak. Batzorde batek izango du salaketak idatziz jasotzeko eskumena, eta hori "izapidetzea edo artxibatzea" erabakiko du. Behar izanez gero, beharrezko ikerketa eta hori jasotzen duen txostena idatziko du, eta "neurriak proposatzeko eskumena" izango du ere. 

Horren aplikazio eremuan sartzen dira Batzar Nagusietako funtzionarioak, 
prokuradoreak, behin-behineko langileak, aholkulariak, batzarkide taldeetako langileak eta bertaratu daitezkeen alderdi politikoetako beste kide batzuk. Horrez gain, bertako informazioa jorratu ohi dituzten hedabideetako langileak, praktiketako langileak, bekadunak edota bertan obrak egin behar dituzten enpresetako langileak ere ere sartzen dira protokoloan.

Duela urtebete abiatu zen protokoloa egiteko lantaldea, eta bertan parte hartu dute batzarkide taldeetako ordezkariek eta teknikariek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago