Gazteekin pornografia kontsumoaz hausnartzeko abagunea

Erredakzioa 2024ko aza. 12a, 13:19

Belaunaldi berrien sexu-heziketarako tresna bihurtu da pornografia, eta Arabako gazteentzat eztabaidarako gune segurua sortu nahi izan dute, "sexu-harremanen eta genero rolen pertzepzio desitxuratuari" aurre egiteko.

Arabako gazte ugarik pornografiari buruzko tailerra jasoko dute asteotan, Traspasos Kultur elkarteak eta Vital Fundazioak sustatuta. Hablar porno hablar jarri diote izena proiektuari, eta eduki zein metodologia aitzindarien bidez helduko diote pornografiaren gaiari, 14 eta 17 urte bitarteko gazteekin.

Azaroaren 22ra arte eskola orduetan hurbilduko dira Arabako gazteak Vital Fundazioa Kulturunera, eta bestalde, publiko orokorrarentzako eskuragarri egongo dira emanaldiak azaroaren 14, 15 eta 21ean arratsaldez, hemen izena emanda.

Sexu heziketa pornoaren esku

Save the Children erakundearen arabera, zortzi urterekin hasten dira umeak pornografia kontsumitzen, batez beste. Proiektuaren antolatzaileek diotenez, geroz eta kezkagarriagoa da gazteek "kontrolik eta irizpiderik gabe" pornografia kontsumitzea. Izan ere, belaunaldi berriek bertatik ateratzen dute, hein handi batean, sexu harremanei buruz dakitena.

Pertsonen arteko harremanak eta intimitatearen pertzepzioa antzaldatzen ditu pornoak hala, eta hain kontsumo goiztiarra izanda, eragina du gazteen "garapen emozionalean eta psikologikoan". Antolatzaileek gogorarazi dute pornografia ez dela berez txarra, bortitza, edo ez duela berez genero indarkeria sustatzen. Baina ekintza bortitz eta iraingarriak irudikatzen dituen pornografia oso eskura dute gazteek, eta "pertzepzio desitxuratua" eragin dezakeela ohartarazi dute.

Hainbat gairi helduko diete tailer hauetan. Pornografiaren industria, etika, adostasuna, sexualitatearen eraikuntza edo harreman osasungarriak izango dizuzte hipide, besteak beste. Aholkularitza zerbitzu bat ere izango dute eskura, zalantzak argitu eta laguntza jasotzeko.

Ikasleak eszenan murgilduta

Metodologia berritzailea du proiektu honek, "ezohikoa hausnarketarako espazio batean", eta ikasleek hainbat ikuspegitatik heldu ahal izango diote gaiari, pertsonaien bidez eszenan murgilduta. Ordubete inguru irauten duen jardueran, bi ikastetxetako gela banak hartuko dute parte batera, bi bankutan eserita aurrez aurre, bakoitzak atzean pantaila bat duela.

Hiru pertsonaia agertuko dira pantailetan, testigantza faltsuak emango dituztenak. Bestalde, aktoreak ere izango dira, ikasleen artean integratuta, eztabaida eragiteko eta parte hartzea sustatzeko. Dinamikaren hasieran, bideo porno bat proiektatuko da, soinu eta guzti. Ikasleak elkarren aurrean eserita daudenez, bideoa ez ezik, aurrean pornoa ikusten ari direnak ere ikusiko dituzte. Bideoa amaitzean hasiko da debatea eta aktoreen lana.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago