2019. urtetik izoztuta daude Arabako ostalaritza sektoreko soldatak, sindikatuek salatu dutenez, eta patronalak negoziatzeari uko egiten diola kritikatu dute. Abenduaren 14an dute hurrengo negoziazio eguna deituta, eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuek greba egunak deitu dituzte abenduaren 5 eta 7an, "bileraren atariko gisa". Ardoaraba ekimena eta abenduko zubia hartuko ditu greba honek.
Hiru sindikatuok hitzarmen sektorial bat lortzeko beharra azpimarratu dute, eta salatu dute SEA patronalak mahaia blokeatua duela. Exijitu dute langileen eros-ahalmena berreskuratzea KPIari lotutako soldata igoerak bermatuz, lanaldia nabarmen murriztea, eta neurri zehatzak hartzea rider edo banatzaileentzat, eta baita pisuko zerbitzarientzat ere.
LAB sindikatuak ere, bere aldetik, "hitzarmen duina" eskatu du sektoreko langileentzako, baina ELA, UGT eta CCOO sindikatuei leporatu die beren eskaeretan puntu garrantzitsu asko kanpoan utzi izana. Greba deitu dutenek "eduki minimoetara" jo izana salatu du LABek, "mobilizazio ziklo batera jo beharrean", eta gaitzetsi du beren eskaeretan jaso ez izana gutxieneko lanaldiak, kate handiak eta markak hitzarmenaren eremu funtzionalean sartzea edota etorkizuneko kolektibitateetarako hitzarmen baten aplikazioa. Horregatik, mobilizazioa deitu du LABek bihar, asteazkena hilak 13, SEA patronalaren egoitza aurrean 10:00etan.