Hirigintzaren gaineko marrazki eta ipuin lehiaketa abiatu dute

Juanma Gallego 2024ko aza. 11a, 11:56

Hiria planifikatzeko hirigintza "funtsezkotzat" jo du aldundiak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Haur eta gazteei begirako ekimenarekin, aldundiak hirigintzaren garrantzia helarazi nahi die belaunaldi berriei.

Arabako Foru Aldundiak marrazki eta kontakizun laburren lehiaketa abiatu du hilaren 8an ospatu den Hirigintzaren Eguna aprobetxatuz. Bertan, besteak beste, lurralde oreka lortzeko "hirigintzaren jardunbide egokiak aplikatzearen garrantzia eta beharra" nabarmendu nahi izan dute.

Urbanizarte gisa izendatu duten lehiaketarekin "gazteenek beren herria edo hiria nola irudikatzen duten" adierazi dezatela lortu nahi du foru erakundeak. Besteak beste, ingurumena errespetatzen duten "eraikin jasangarriak", parke eta berdeguneak, garraio publiko "eraginkor eta ekologikoa", bizitza "errazten duten teknologia berritzaileak, eta pertsona guztiak aintzat hartzen dituzten "komunitate inklusiboak" jarri dituzte jorratu daitezkeen gaien adibidetzat.

Aldundiaren arabera, hirigintza "funtsezkoa" da hiri erresilienteak eta jasangarriak" planifikatzeko, eta, "bizi kalitatea hobetzen" laguntzen du. Lehiaketaren aurkezpenean Laura Perez Borinaga Lurralde Orekako diputatuak Valentzian izandako uholdeak jarri ditu planifikazio horren beharraren adibidetzat. "Lurzoruaren erabilerak eta lurraldearen okupazio fisikoa planifikatzean, hirigintzak arrisku naturalak eta klimatikoak ere kontuan hartu behar ditu, hondamendi naturalen inpaktuari aurre egiteko gai diren hiriak sortuz", adierazi du.

Lehiaketa lau kategoriatara zabaldu dute: marrazki eta kontakizunak izan daitezke, eta, bakoitzaren barruan 6-12 urte bitarteko haurrek eta 13-18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute. 

Marrazkien kasuan, eskuz egindakoak izan behar dira, ezein teknika erabilita. Kontakizunei dagokienez, Word formatua erabiltzeko eskatzen dute; haurren kasuan, 500 hitz baino gutxiagokoak izan behar dira lanak, eta 1.000 hitz baino gutxiagokoak onartuko zaizkie gazteei.

Sariei dagokienez, hiru sari emango dituzte kategoria bakoitzeko: tableta grafiko bat, marrazkia onenarentzat, eta marrazketa profesionaleko bi sorta, bigarren eta hirugarren klasifikatuentzat. Idazketari dagokionez, lehen sailkatuek multinazional ezagun baten liburu irakurgailu eta koaderno digital funtzioak betatzen dituen gailu elektroniko bat irabaziko dute, eta bigarren eta hirugarrenak, liburu sorta bat.

Lanak abenduaren 13a baino lehen entregatu behar dira, bai diputazioan bertan —08:30-14:00 tartean— edota posta elektronikoz, urban@araba.eus  helbidera. Aldundiak "opari bat" iragarri die ere parte hartzaile guztiei, baina hori sailaren bulegoan bertan jaso beharko da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago