Landa eremuan alokairurako etxebizitza publikoa eraikitzeko sustapen plan bat iragarri dute

Erredakzioa 2024ko aza. 7a, 17:11

Etxebizitza horiek non eraiki daitezkeen aztertu behar dute lehenik. Argazkia: ALEA

Araba Garapen Agentziaren bitartez bideratuko dela azaldu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak.

2025etik aurrera, Foru Aldundiak sustapen publikoko alokairuko etxebizitzak eraikitzea bultzatuko duela iragarri du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. "Araba Garapen Agentziaren bidez egingo dugu, egun duen jarduera dela eta erronka berri hori bere gain hartzeko erabat gaituta dagoen erakundea baita". Etxebizitza horiek eraikitzea bideragarria eta beharrezkoa den udalerriak identifikatu dituzte.

Azaldu duenez, lurzorua non eduki dezaketen aztertuko dute, proiektuak egin, eta etxebizitzak eraikiko dituzte, alokairu babestura bideratzeko. Planaren helburu nagusia da etxebizitza eskuratzeko arazoa modu aktiboan konpontzen laguntzea, eta, aldi berean, biztanleak landa eremuan geratzea sustatzea. "Arazoa konpontzeko eragile aktiboa izan nahi dugu, eta, aldi berean, udalekin lankidetzan aritu beren etxebizitza politiketan", nabarmendu du.

Ahaldun nagusiak erakundeen arteko lankidetzarako deia egin du, erronka horri modu integral eta eraginkorrean heltzeko: "Etxebizitza politikak lehentasunezkotzat hartu behar ditugu administrazio publiko guztietan, eta guztion lankidetza eta ekarpena funtsezkoa da". 

Era berean, Jaurlaritzak arlo horretan duen konpromisoa aipatu du, eta zenbait neurri zerrendatu ditu adibide moduan: 7.000 etxebizitza babestu berri eraikitzea, etxebizitzen ekoizpenaren erritmoa handitzea eta gazteei laguntzeko ahalegin berezia. "Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa argia da. Baita Arabako Foru Aldundiarena ere. Arlo honetan, administrazio guztiek gogor egin behar dugu lan, eta lankidetzan aritu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago