Zortzi upategik Subsierra elkartea abiatu dute

Juanma Gallego 2024ko aza. 7a, 11:21

Gasteizko Kordoi etxean egin dute elkartearen aurkezpena. Argazkia: IREKIA

Arabako Errioxako eta Errioxa Garaiko ekoizleak biltzen dituen elkarteak "nekazaritza ekologikoaren" aldeko apustua egingo du. 

Errioxa Garaiko eta Araba Errioxako sei herritako zortzi upategik Subsierra elkartea aurkeztu dute Gasteizen. Atzo Kordoi etxean egindako aurkezpenean, upategietako ordezkariek nabarmendu dute "nekazaritza ekologikoa" egiteko asmoa dutela, Jaurlaritzak zabaldutako ohar baten arabera. Ekoizpenean, "mahasti zaharrak, propioak eta hornitzaile ziurtatuak" izango dituztela ere adierazi dute. 

Amaren upategiko Juan Luis Cañas elkarte berriaren presidenteren arabera "kalitatearen aldeko apustua areagotu" nahi dute ekimenarekin. Besteak beste, nabarmendu du "eskuzko mahats bilketa" egingo dutela, eta hornitzaileei "mahatsa bidezko eran" ordainduko dietela.

Agintari instituzionalen artean, Amaia Barredo Nekazaritza sailburua izan dute aurkezpenean. Eratzeko unean, Jaurlaritzak helarazitako informazioaren arabera, honako upategiek osatzen dute elkartea: Artuke, Tierra, Carlos Sanchez, Loli Casado, Teodoro Ruiz Monje, Amaren, Ostatu eta Tentenublo. Briñastik (Errioxa) Moredaraino doan tartean kokatuta daude upategiak, eta, orotara, 318 hektareatan mahatsak dituzte.  

Subsierra izena eskualdeari ematen zaion Sonsierratik eratorri dute, eskualde gehiena Nafarroako Erresumaren mendekoa izan zen garaitik ematen zaion izendapenarekin jokatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago