Herritar guztiei zabaldu zaie gripearen aurkako txertoa

Erredakzioa 2024ko aza. 5a, 08:37

Orain arte arrisku taldeetako lagunak bakarrik txertatu dituzte. Argazkia: IREKIA

Astelehenetik aurrera, arrisku taldeez gain, edonork eska dezake hitzordua webgunearen bidez edo osasun zentrora deituta.

Osakidetzaren gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurrera doa, eta astelehen honetatik aurrera edonork har dezake txertoa. Osakidetzak zita hartzeko bi modu ezarri ditu: bere web orriaren bidez, Aurretiko Zita atalean; edo osasun zentrora deituz.

Kanpaina urriaren 7an hasi zenetik, Osakidetzak gripearen aurkako 349.066 txerto baino gehiago jarri ditu, iaz baino % 3,8 gehiago. Gainera, herritarren %70ek erabaki dute aldi berean COVIDaren aurkako txertoa hartzea.

Orain arte, txertoa jartzeko gonbidapena arrisku taldeei luzatu zaie, hau da, 60 urtetik gorakoei, baita gaixotasun kronikoren bat duten pertsonenei edo haurdun dauden emakumeei ere. Arrisku taldeko herritarrei bi txertoak batera jasotzeko aukera eskaintzen zaiela, hala nahi badute. 

Umeen kopuru txikia

Bigarren urtez jarraian, gainera, Osakidetzak umeengan jarri du fokua; izan ere, haurrak ere kalteberak dira eta, gainera, kutsatzaile handiak. Are gehiago, Osakidetzak txerto hori haurren txertaketa egutegian sartu du; hala, sei hilabete baino gehiago eta bost urte baino gutxiago dituztenek sistematikoki jasoko dute txertoa, egutegi horretan sartuta dauden beste txerto batzuekin egiten den bezala. Gainera, ziztadak saihesteko eta, horrela, atxikidura handiagoa lortzeko, txertoa sudurretik ematen zaie.

Orain arte, kolektibo horri guztira 10.689 dosi jarri zaizkio, iaz baino %30 gehiago. Hala ere, Osakidetzak onartu du oraindik kopuru txikia dela, eta adin horretako haurrak dituzten familiei dei egiten die txertoa jar diezaieten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago