Uholdeek Valentzian eragindako kalteei aurre egiteko elkartasuna ugaritu da azken orduotan Araban. Igandean atera zen Arkautitik Eusko Jaurlaritzak, udalek eta foru aldundiek bidalitako suhiltzaileen taldea. Guztira 69 suhiltzaile dira, eta eurekin 114 ur ponpa, 18 ibilgailu eta hiru ontzi daramatzate. Arabako eta Gasteizko suhiltzaile parkeetakoak ere talde horretara batu dira, 18 lagun hain zuzen.
"Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek hasieratik erakutsi dute prest daudela aireko eta lurreko baliabideak bidaltzeko kaltetutako eremuetara. Horretarako, etengabeko komunikazioa dute Valentziako Generalitatearekin, beharrezko laguntza bidaltzeko beharrak zehazteko zain. Helburua, hasiera-hasieratik, modu koordinatuan lan egitea izan da, herritarrek erakutsitako elkartasuna ahalik eta modu antolatu eta eraginkorrenean bidera dadin".
Udalen eta herritarren ekimenak
Bestalde, Arabako hainbat udaletan eta auzotan ere hasi dira elkartasuna antolatzen, eta materialak jasotzen ari dira Valentziara bidaltzeko asmoarekin. Iruña Okako Udalak, adibidez, igandetik ostiralera arte material bilketa antolatu du herriko frontoian, goizez eta arratsaldez. Arropa, mantak, botikak, ura, esnea, pixoihalak, maskarak, eskularruak, palak, eta gomazko erratzak jasotzen ari dira lehentasunez. Erriberabeitiko udaletxean ere ari dira materiala jasotzen.
Halaber, hamar osasun langile ere boluntario gisa Valentziara joateko antolatu dira, eta astelehen gauean abiatuko dira bertara. Bidaian eramateko premiazko materialak eskatu dituzte: ura, premiazko higiene materialak, botikak, palak, kuboak, etabar. Amurrioko Rinconcito tabernan eta Gasteizko Indartsu tabernan jasotzen ari dira horiek. Premiazko materialak biltzeko ekimena ere martxan jarri du Ucrania-Euskadi elkarteak; eta ostiralerarte jasoko dituzte Gasteizko Herrandarren kaleko bere lokalean.
Apasos eta Esperanza Felina elkarteak ere martxan jarri dira, txakurrentzako eta katuentzako jaki latak, mantak, pipetak eta parasitoak kentzeko produktuak biltzeko kanpaina bat antolatzeko. Horretarako, lagundu nahi duten guztien eskura jarri dute Gasteizko Lorenzo Prestamero kaleko 2. zenbakian duten biltegia, astelehenera arte. "Gu geu arduratuko gara dohaintzan emandako guztia Madrilera helarazteaz, eta erabateko konfiantza duen pertsona batek Valentziara eramango du", iragarri dute.
Koordinazioa eta jarraibideak
Hondamendiaren aurrean, elkartasunaren norabidea zaintzeko eta zorrotzak izateko deia egin die Batekin Arabako boluntariotzarako eta parte hartze sozialerako agentziak herritarrei. "Tokiko biztanleek laguntza eta lankidetza guztia behar dute, baina funtsezkoa da laguntza hori modu koordinatuan iristea, betiere tokiko larrialdietako agintarien eta taldeen jarraibideei jarraituz".
Horrela, boluntariotza modu espontaneoan eta edozein modutara ez egiteko deia egin dute, "pertsonen kontrolik gabeko presentzia" kaltegarria izan daitekeelako. Era berean, bilketak ez aktibatzeko eskatu dute, "behar zehatzak ezagutu eta laguntza bidaltzeko eta jasotzeko logistika antolatu arte".
Diruz laguntzekoa orduan, plataforma eta erakunde ezagunen bitartez egiteko eskatu du Batekin elkarteak:
Valentziako boluntarioen plataforma: ES35 3159 0049 8129 8488 1322 kontu-zenbakia.
Gasteizko Gurutze Gorria: BIZUM 33512 eta informazio guztia bere webgunean.
Gasteizko Caritas: BIZUM 38136. Informazio gehiago 945 232850 telefonoan.