⛅ EGURALDIA

Gau Grisa

Erredakzioa 2024ko urr. 31a, 08:35

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Antzeko tenperaturak mantenduko dira datozen orduetan, laino, hodei eta ostarteekin. Asteburuan, berriz, Eguzkia sarriago ikusiko da.

Lainoekin hasiko da goiza, eta, behin horiek altxatuta, hodeiak eta ostarteak izango ditugu. Haizeak bolada gogorrak izango ditu, eta hego-ekialdeko osagaian ariko da nagusiki. Tenperaturetan ez da aldaketa handirik espero, hiriburuan 11 graduan hasi eta 18 gradura igoko baitira.

Goizean goizeko lainoek ere agurtuko dute Santu Guztien Eguna. Ondoren, eta bezperako joerari jarraiki, zerua parte hodeituta mantenduko da. Haizean ere ez da aldaketa askorik egongo, eta bezperaren antzera ariko da, akaso zertxobait motelago: hego-ekialdetik, eta zenbait bolada gogorrekin. Termometroan ere, antzera joango da eguna, 11 eta 19 gradu arteko alde termikoa izango baitute hiriburuan.

Asteburuari dagokionez, badirudi Lorenzo gehiago aterako dela, eta ez da euririk espero. Tenperaturetan ere ez da apenas aldaketarik igarriko. Hurrenez hurren, larunbat eta igandean 11/20 eta 8/19 gradu arteko aldeak espero dira, AEMETen arabera.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago