Txirrindularitza profesionala utzi du Oiarbidek

Juanma Gallego 2024ko urr. 30a, 16:37

Txirrindulariak ez du argitu maila profesionala uzteko arrazoia. Argazkia: LOURDES OIARBIDE

30 urteko txirrindulariak sare sozialetan zabaldutako komunikatu batean eman du erabakiaren berri. 

30 urterekin txirrindularitza profesionala utziko duela iragarri du Lourdes Oiarbide eginoarrak. Haren instagram kontuan zabaldutako bideo eta komunikatu batean, txirrindulariak ez du argitu erabakiaren atzean dagoen zioa, baina aurreratu du bizikletari lotuta segituko duela. Are, iragarri du "erronka berriak" aurrean dituela, eta bizikletak "mundua deskubritzeko" haren kuriositatea elikatu duela, erronka berri horiek munduan ibiltzeko grinari lotuta egon daitekeela iradokiaz.

Besteak beste, esan du "bizikletari zor diola" egun pertsona bezala nor den izatea, eta garatzeko "tresna hoberena" izan dela harentzat. "Lehen eskutik bizi izan dut Espainiako emakumezkoen txirrindularitzaren profesionalizazioa, kategoria eta egoera guztietatik igaroz. Eta, sinetsidazue, horrek aukera ematen dizu gauzarik xumeenei ere balioa emateko", aipatu du Oiarbidek.  

Bidean izan duen laguntza eskertu nahi izan du agur esateko mezuan; tartean, entrenatzaileak, zuzendariak eta laguntzaileak, bai eta jardun profesionalean bidaide izan dituen emakumezko kirolariak ere, bai kide zein aurkari gisa izan dituenak. "Urte luzez benetako emakume borrokalari eta inspiratzaileak inguruan izateko pribilegioa izan dut", aipatu du horren bueltan. Gaineratu du "gizonezkoen mundu batean" aurrera egitea "inoiz ez dela erraza".  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago