Kepa Mendizabal gogoratuko dute Kepafest jaialdian

Erredakzioa 2024ko urr. 30a, 12:28

Kepa Mendizabal Askazibar. Argazkia: Kepafest.

Besteak beste, Paniks eta Susterbaks taldeek parte hartuko dute omenaldian.

Duela lau hilabete zendu zen Kepa Mendizabali omenaldia egingo diote azaroaren 8an, ostirala, Hell Dorado aretoan antolatu duten Kepafest jaialdiarekin. Musika alorrean ezaguna zen Mendizabal, musikazale amorratua, "melomanoa eta fetitxista", antolatzaileek gogoratu dutenez, musikara bideratu zuen bere bizitza, bertako taldeekin elkarlanean. "Musika munduan oso maitatua den pertsona; bere lagunek eta familiak omenaldia egin nahi diote bere urtebetetze egunean ospatuko den jaialdi honekin".

Egun horretan, Paniks barakaldarrak izango dira taula gainean, beren garage-punkarekin; Susterbaks, Keparen anaia Xabik parte hartzen duen bandarekin; eta Dead Sequoia, I Think Soul, Los Misterios, Bronze, Tutan Come One eta La Reverso bezalako beste talde ezagun batzuetako lagunek parte hartuko duten konbo batekin, Keparen abesti gustukoenak bertsionatuz.

Festa goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko da hamar DJrekin, eta horien artean Bildotsne, Swinging Mammy-O, Mindre Folklore, Bilba Grotbill, Grisi, Rock-A-Kolo, Double Trouble, AK Dj, Rata Jones edo Fernando Acapulco izango dira.

Barakaldoko Paniks eta beste hainbat musikarik parte hartuko dute jaialdian. Argazkia: Paniks.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago