Arabako EAJ zuzentzeko lehian sartuko da Urtaran

Juanma Gallego 2024ko urr. 30a, 10:16

Urtaran eta Berriozabal EAJren barne hauteskundeetan lehiatuko dira. Argazkia: AFA

Barne hauteskundeen bigarren itzulian, ABBk proposatutako Jone Berriozabalen aurrean bere burua aurkeztuko du.  

Jose Antonio Suso Arabako EAJren presidentea ordezkatzeko alderdiak aurkeztutako Jone Berriozabalen hautagaitza Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiarekin eta egungo Gizarte Politiketako foru diputatuarekin lehiatu beharko da, asteon jakin denez. 

Modu ofizialean bederen, Urtaranek ez du propio bere burua aurkeztu, baina barne hauteskundeetarako lehen itzulian Arabako EAJren zenbait herritako elkarteewk Gasteizko alkate ohiaren izena proposatu dute ABB Araba Buru Batzarra zuzentzeko. Orain, Urtaranek baieztatu du bere burua aurkeztuko duela barne hauteskundeetako bigarren itzulian, eta adierazi du "adostasunaren eta batasunaren aldeko izaera eraikitzaileaz" hartuko lukeela ardura, aukeratua izatekotan.

Iazko udal hauteskundeetan alderdiaren zuzendaritzak Urtaran hiriburuko alkatetzarako hautagaitzatik aldendu zuen, eta Beatriz Artolazabalen aldeko apustua egin zuen. Alkatetza berresteko gutxieneko botorik ez eta, azkenean, PSErekin adostu zuten bi alderdien arteko gobernu akordioa berrestea, oraingoan alkatetza Maider Etxebarria sozialistaren esku utzita, eta hiriburuan aurrenekoz boto gehien eskuratu zituen EH Bilduko Rocio Viterori alkatetza aldenduz. Gasteizen alkatetza utzi eta aste gutxira foru diputatu izendatu zuten Urtaran, eta foru gobernuan mantentzen da egun, bertan Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua kide duela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago