Afrikaldiak, afrikar zinemen euskal jaialdiak, laugarren edizioa ospatuko du Gasteizen, azaroaren 4tik 11ra bitarte. Aurten, 21 film eskainiko ditu, jarduera osagarriekin batera. Hitzordua Kultura Bendera eta Manuel Iradier elkarteek antolatu dute, eta hiriburuan bizi diren afrikarren hamabost kolektibok hartuko dute parte.
"Filmen, dokumentalen eta jardueren bidez, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna gerturatuko dizkigute, gurearekin elkartzeko topaguneak eta aliantzak bilatuz", azaldu du jaialdiaren zuzendarikide Itziar Inzak. "Horri esker, Afrikari buruzko gure ikuspegia zabaldu eta bertako ekoizpen zinematografikoari balioa eman ahal izango diogu".
Zenbait pelikula eta dokumental Florida zinema aretoetan egongo dira ikusgai. Besteak Arabako EHUn, Arte eta Ofizioen Eskolan, ID-Arte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolan eta Mendizabalako ikus-entzunezkoen institutuan egingo diren jarduera osagarrietan eskainiko dituzte. izango dira ikusgai. Aurten, gainera, ikus-entzunezko sektoreko profesionalen arteko topaketak egingo dira Montehermoso kulturunean.
Jaialdiak iraungo duen aste horretan, Afrikako eta haren diasporako 16 herrialde bilduko dira hainbat jardueraren bidez, eta, gainera, Kamerunek berriro ere protagonismo berezia izango du hango emakumeek fikzioarekin lotuta egindako lana omenduz eta aitortuz. Film horietako bat izango da Mambar Pierrete.
Inaugurazio ekitaldia azaroaren 4an, astelehenean, izango da Europa biltzar jauregian eta 2022an Shamira Raphaëlak zuzendutako Shabu filma eskainiko dute. Lan horrek Rotterdamen bizi den musikari gazte baten bizitza arakatzen du. Amaiera-jaia toki berean egingo da azaroaren 11n, astelehenean, eta bertan banatuko dituzte epaimahaiaren, soinu-banda onenaren eta publikoaren sariak. Sarrera librea izango da tokia bete arte.