Espainiako Diputatuen Kongresua Kantabria Mendilerroa toponimoa berreskuratzearen alde azaldu da gaur, norabide horretara bideratutako proposamen baten bitartez. Gaur goizean Madrilen egindako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Batzordean PSOEk aurkeztutako legez besteko proposamen batean, aferan "agintaritza eskudun" diren erakundeei eskatu diete IGN Espainiako Institutu Geografikoari eskaera egin diezaiotela Kantabria eta Toloño toponimoen "kokapena, hedapena eta erabilera modu egokian" zehazteko eginbideak egin ditzala.
Bide horretatik, gaian interesa duen ezein udalek edo bestelako instituzio publikok eskaera egin ahalko dio IGNri, Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformako iturriek aurreratu dutenez.
Legez besteko proposamenean zehaztu dutenez, IGNri eskatuko diote aferan "interesa dutenek" gaiaren bueltan esatekoa dutena entzuteko, eta IGNren izen geografikoen batzordeak egin beharreko txosten bat ere aintzat hartzeko. Horren arabera, "toponimo bakoitzaren" hedapen geografikoa arautu ahal izango da.
PSOE, PP eta Podemos alderdiek babestu dute proposamena, EH Bilduren abstentzioarekin eta EAJ eta VOX alderdien kontrako botoekin.
Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformak eskatuta, azken hilabeteotan hainbat instituzio toponimoa berreskuratzearen alde agertu dira. Hala, ekainean Arabako Batzar Nagusiek Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformaren eskaria aintzat hartu zuten, eta joan den irailean ere bide beretik egin zuen Errioxako Parlamentuak. Vianako (Nafarroa) udala ere aurki gaiaren bueltako erabaki bat hartzear da.