Mozal legearen aplikazioaren ondorioz isun bat jaso duen Arabako Mendiak Aske sareko kide bati elkartasuna adierazi dio plataformak, epaiketa izan den egunean.
Gasteizko epaitegien aurrean egindako elkarretaratze eta prentsa agerraldi batean, plataformak gogor kritikatu du Jaurlaritzak gaiaren bueltan agertutako jarrera, bai eta kidearen kontra abiatutako zigorra ere. "Gaur hemen gaude, zoritxarrez, gure lankide Rebeka epaituko dutelako, hain zuzen ere, modu konprometitu, ausart, zintzo eta erabakigarrian" balore demokratikoak "defendatzeagatik", adierazi du erakundeak.
Plataformak dio "nahikoa" dela esateko garaia dela, eta Jaurlaritzari leporatu dio "gau eta egun bertute demokratikoak harrokeriaz goratu" arren, "polizia indarrak oligopolio elektriko baten zerbitzura jartzea".
Arabako Mendiak Askeren esanetan, jabetza publikoko eremu naturalak "legea betetzen ez duten azpiegitura pribatuek konkistatutako eremuak dira". Modu berean, Jaurlaritza kritikatu dute "klima aldaketari buruzko ekitaldi arranditsuetan beste herri eta latitude batzuetako heroiak txalotzeko zutik" jartzegatik, eta, hori "zinismo harrigarritzat" jo du.
"Hain demokratikoa omen den gobernu horrek erregimen diktatorialen berezko
lege bat erabiltzen" duela diote, mozal legeari erreferentzia eginez. Aurreratu dute ez dituztela "isilduko", lurraldea defendatzea "delitua" ez delako.