Munduan erretzen diren eremuen mapak bereizmen handiagoaz lortzeko algoritmoa proposatu du EHUko ikertzaile Aitor Bastarrikak gidatutako talde batek ISPRS Journal of Photogrammetry and Remote Sensing aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.
EHUk ohar batean azaldu duenez, suteek eragindako guneen inguruko informazio zehatza eta eguneratua lortzea "funtsezkoa" da; besteak beste, ziklo biogeokimikoak eta klima ulertzeko, bai eta suteen kudeaketan lagungarria izateko ere. Duela hamarkada batzuk eremu horren kartografia egiteko halabeharrez tokian tokiko lanaren bidez egin behar bazen ere, gaur egun teledetekzioa ahalbidetzen dituzten sateliteen bidez egiten da hori. Halere, metodo honen erronka nagusia bereizmenean dagoela argitu du EHUk, orain arte eskura dagoen mundu mailako bereizmena "txarra" baita.
Hala, "benetan erreta dauden eremu asko erretakotzat" identifikatzen ez direla ohartarazi du Bastarrikak. Ondorioz, pixel bakoitzeko bereizmena 250-500 metro artekoa izanik, 250 metro baino gutxiagoko erreketa sortzen duten suteak ez dira atzematen. "Eta ekosistema batzuetan oso ohikoak dira 250 metro baino gutxiagoko suteak", azaldu du Gasteizko Ingeniaritza Eskolako eta Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko ikertzaileak.
Sei sateliteren datuez baliatzen da algoritmo berria. Batetik, begi irudiak hartzen dituzten bi satelite optikoak —Sentinel-2 konstelaziokoak—. Bestetik, suteek eragindako tenperatura altuagoak atzematen dituzten MODIS eta VIIRS produktuak —hainbat agentziatako sateliteen datuak konbinatzen dituzte hauek—. Optikoek bereizmen txukuna ematen duten arren —10-20 metrokoa—, bost egunean behin baino ez dira pasatzen leku beretik. Sutea atzematen dutenek, berriz, egunero eskaneatzen dute puntu bakoitza, baina bereizmen pobreagoarekin.
Horien konbinaketa egiten ahalegintzen da, hain justu, EHUko ikertzaileek proposatutako algoritmoa, irudi optikoen sistema bat entrenatuz eta aurreikuspenak emanez, zer erre eta zer ez den erre igartzen saiatzeko. Aurreikuspen horiek mundu osoko 576 eremutan probatu dituztela azaldu dute.