1976ko sarraskian zauritutako beste zazpi lagun aurkitu dituela ezagutzera eman du gaur Martxoak 3 elkarteak. Gogora Institutuarekin elkarteak duen hitzarmenaren barruan egin dituzten lanen ondorioz izan da oraindik identifikatu gabe zeuden pertsona horien aurkikuntza.
Kolaborazio horren testuinguruan otsailetik egindako lanaren beste emaitzen berri ere eman du elkarteak. Hala, orain arte 70 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte. Testigantzak jasotzeaz gain, 100 liburu inguru, 60 aldizkari eta biktimen eta haien senideen bestelako ondare materiala ere eskuratu dute, Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren elizan sortu behar duten Memorialean jartzeko.
Dena dela, aurreratu dute oraindik zauriak nozitu zituzten beste hogei bat pertsonaren atzetik segitzen dutela. Hori dela eta, elkartearekin harremanetan jartzeko deia egin diete pertsona horiei edo haien senideei.
Identifikatutako zazpi lagunen artean, Manuel Pizarroren kasua nabarmendu dute elkarteko ordezkariek. Prentsa ohar batean adierazi dutenez, Pizarro belaunean zauritu zuten egun horretan, eta duela gutxi hil da, "inolako aitortza ofizialik izan gabe". Hori dela eta, Jaurlaritzari eskatu diote "leihatila bat jartzeko, errekonozimendurik jaso ez duten biktima horiek oraindik eskatu ahal izan dezaten".
Egindako lanen barruan, aurreratu dute besteak beste "1976ko greba-prozesua eta ondorengo errepresioa ulertzen lagunduko duten batzarren eta dokumentazio judizialaren 200 orrialde baino gehiago" ere bildu dituztela. Horrez gain, gaiari lotutako ondare materiala ere bildu dute; besteak beste, zaurituetako batetik ateratako bala bat, tiroen markak, gomazko pilotak edota ke-poteak. Baina ohartarazi dute ere oraindik "lan asko" dagoela egiteko, eta, horretarako, "funtsezkotzat" jo dute informazio klasifikatua duten artxiboei sarbidea izatea.