Fantasiak arteetan duen lekua bistaratzeko asmoarekin, bigarren urtez, Tartalo jaialdia ospatuko dute Gasteizen. Azaroaren 4tik 10era bitartean. 70 jarduera baino gehiago prestatu dituzte hirian zehar izango diren agertoki desberdinetan.
"Aurtengo jaialdiak joan den urtean harrera onena izan zuten jaduerak indartu ditu eta horrekin batera astean zehar deskubritu ahal izango diren beste hainbat berritasun izango dira", azaldu du Tartalo jaialdiko zuzendari Raul Monterok. Bigarren edizio hau "programa zabal eta interesgarriago" batekin datorrela gogoratu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Juan Pedro Aparicio eta Jose Maria Merino idazleen eskutik emango diote hasiera jaialdiari, eta aste osoan zehar, besteak beste, Jan Carson, Sheila Armstrong, Javier Perez Campos, Israel Espino edo Paul Urkijo igaroko dira ekitaldi desberdinetatik. Amaiera ekitaldian Igor Yebrak jasoko du Tartalo 2024 ohorezko saria bere ibilbide profesionalaren omenez. Jarduerak, besteak beste, Letren Fakultatean (Euskal Herriko Unibertsitatea), Montehermoso kulturunean, Ignacio Aldekoa kultura etxea eta Jimmy Jazz aretoan izango dira.