Betoñuko urmaelean gertatu da aurrenekoz mokozabal zurien (Platalea leucorodia) lehen ugalketa baieztatuta Euskal Herrian, hezegune horretan bi ale jaio direlako.
Irailaren amaieran laginketa lanetan ari zirela, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikariek bi txita aurkitu zituzten, orain ezagutzera eman dutenez. Handik egin gutxira bueltatu ziren eremura, material optikoarekin behaketa baieztatu aldera. Ordurako gorputz osoa lumaz beterik zituzten txitek, artean hegan egiteko gai ez baziren ere. Ale helduek identifikazio eraztunik ez zutenez, teknikariek ez dakite nondik etorritakoak diren.
Hegazti zangaluze mehatxuenetakoa da mokozabala. Ur inguruneei hertsiki lotutako espeziea izanik, espeziearen populazioak urriak dira Europan. EAEko katalogoan, "kaltebera" gisa sailkatuta dago. Salburuko ale migratzaileez gain, Euskal Herrian Urdaibain eta Txingudin aurki daiteke espeziea.
Gasteizko Udalak ohar batean argitu duenez, iberiar penintsulan mokozabalek bereziki Andaluzian eta Extremaduran hazi ohi dituzte kumeak, eta orain arte latitudean goren aurkitu diren jaiotzak Zamoran eta Palentzian izan dira. Oraingo behaketarekin, baina, penintsulan inoiz iparraldeen erregistratu den ugalketa da hau. Penintsulan 1.400 bikote inguru daudela kalkulatzen da. Gainerako Europan, berezik Herbehereetan eta Frantzian bizi dira gehien, leku horietan 3.600 bikote habiagile inguru daudelarik.
Udala abaguneaz baliatu da aldarrikatzeko jaiotzak agerian uzten duela "Salburuaren ingurumen kalitatea", mokozabalak "oso zorrotzak" direlako habiaren kokapena aukeratzeko.
Jaiotzaren unetik atzera egiten, teknikariek kalkulatu dute mokozabal bikoteak uztaileko azken astearen bueltan errungo zuela. "Data horiek urrundu egiten dira espeziearen ugalketa jokamolde ohikotik, apiriletik maiatzera bitartean paratzen ohi baitira habietan", azaldu dute. Gaineratu dute atzerapena zergatik gertatu den ez dakitela.