Zaballako espetxearen aurkako salaketa publikoa egin du Arabako Salhaketa taldeak. Boxeoa praktikatzen ari ziren bi preso isolamenduan sartu dituztela jakinarazi du taldeak, kirol praktika gisa hartu beharrean borrokan baleude bezala zigortu dituztela.
Presoen aldeko taldearen esanetan, kameretako grabazioei begiratuz gero ikus zezaketen adostutako praktika bat zela, baina ez begiratzea erabaki omen du Zaballako agintaritzak. Gainera, salatu dute beste presoen testigantzak ez dituztela aintzat hartu, presoen bertsioa berresten zuten arren.
Egun batez izan dituzte isolamenduan, eta ondoren modulura itzuli dituzte, zigor espediente "oso larri" batekin. Salhaketaren ustez "lazgarriena" izan da batera jarri dituztela isolamenduan izan dituzten bitartean. Ohartarazi dute hori egitean balioa kendu diotela kartzelak berak erabilitako argudioari, berez "haien segurtasunarengatik bananduak izan behar baitzuten".
Salhaketak salatu du isolamendura bidaltzea "sistematikoki" ezartzen den neurria dela edozein gertakariren aurrean, eta baita, aipatutako kasu honetan bezala, inongo arazorik egon ez den kasuetan ere, "bi presoren arteko kidetasuna besterik" ez delako egon.