Arabako anbulantzia zerbitzuaren kontratua etengo du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2024ko urr. 23a, 09:34

Arabako anbulantzia zerbitzua ematen du La Pauk. Argazkia: ALEA

Osasun Sailak akordioa lortu du La Pau anbulantzia enpresarekin, azaroaren 30a baino lehen "irteera ordenatua egin dezan".

Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzua ematen duen La Pau enpresarekin adostu du Eusko Jaurlaritzak kontratuta haustea, eta horrenbestez, azaroaren 30a baino lehen zerbitzua egiteari utziko dio enpresa katalanak. Bi aldeek adostu dute irteera modu ordenatuan egitea. Azaroaren 30etik aurrera, beste enpresa bat arduratuko da Bizkaian eta Araban oinarrizko bizi euskarriko anbulantzien eta asistentziarik gabeko anbulantzien zerbitzua egiteaz, larrialdi kontratu baten bidez.

Osasun sailak ziurtatu duenez, ordura arte, zerbitzua ez da inola ere etengo eta asistentzia erabat bermatuko da. "Orain, zerbitzu hori egin ahal izateko beharrezkoa den administrazio tramitazioari ekingo zaio", esan dute.

Osasun sailaren iritziz, hori da irtenbiderik egokiena, "kontuan izanik Eusko Jaurlaritzarentzat pazienteak eta zerbitzua egiten duten langileak direla erdigunea eta lehentasuna". Ildo horretan, gogorarazi dute La Pau enpresak eskainitako zerbitzuan izandako akatsen aurrean, "batez ere joan den uztailetik hona", enpresari neurri administratiboak eta zehapen ekonomikoak aplikatu zaizkiola, "eskatutako baldintzak ez betetzeagatik".

Halaber, Osasun Sailak jarraipen batzorde bat sortzea erabaki du, kontratuak betetzen direla bermatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago