Arabako Lautadaren zati bat Biosfera Erreserba izendatzeko "hasierako garapena" egingo duela iragarri du Gasteizko Udalak. Hala, udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren ondorioz, 50.000 euroko partida bideratu dute garapen horretarako. Ohi bezala, IGI Ingurumen Gaietarako Ikastegia arduratuko da egitasmoaren azterketa egiteaz. Horrez gain, Zaragozako Unibertsitatean doktore Cristina Monge adituak hartuko du bere gain "bitartekari neutral" gisa jokatzeko ardura, "tartean diren eragileekin beharrezko elkarrizketa izateko".
Asmoak bere horretan aurrera egingo balu, Arabako lehen Biosfera Erreserba izango litzateke, eta 950 km2 hartuko lituzke Zadorraren goiko arroan, barruan hamalau udalerri eta 275.000 biztanle inguru hartuz. Udal gobernuaren eta EH Bilduren asmoa da "Espainiako estatu osoan biztanle gehien dituen biosferaren erreserba" izatea, barruan Gasteiz bezalako hiri ertain bat izango lukeelarik.
"Garapen ekonomikoa eta soziala lortzeko izendapen horrek zer eragin izango lukeen" aztertu nahi dutela iragarri du IGIko presidente Borja Rodriguezek. "Nazio Batuek askotan onartu dute jasangarritasunaren erronka hirietan jokatzen dela eta, horregatik, uste dugu larrialdi klimatikoaren erronkari aurre egin behar zaiola, Biosfera Erreserbak bezalako tresnak egokituz", erantsi du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak.
Udalak aurreratu du planteamenduak aintzat hartzen duela "ingurumen balio handiko eremua dela", eta honako hauek barne hartzen dituela: Gasteizko Mendiak, Arrato mendilerroa eta Gorbeiako Parke Naturala, Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta Urkiolako mendilerroa, Entzia mendilerroa eta Iturrietako mendiak. Besteak beste, Gasteizko Eraztun Berdea, Salburuko hezeguneak eta Zadorrako eta bertako urtegietako kontserbazio bereziko eremuak nabarmendu ditu udalak.