Hilabetez egon dira Zaballako espetxeko hainbat preso politiko lokutorio greba egiten, bisitei uko eginez, protesta gisa. Irailean zabaldutako gutun batean adierazi zuten 28 lokutoriotatik lau bakarrik zeudela erabilgarri, eta espetxea entzungor agertu zela konpontzeko eskaeren aurrean. Hilabeteko protestaldiaren ondoren, jakinarazi dute lokutorioetako arazo teknikoak konpondu dituela Zaballako espetxeak.
Beste hainbat arazo ere aipatu zituzten gutunean. "Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaskarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono deiei dagokienean ere, garestiegiak izateaz gain, gaizki kokatutako gailu zaharkitu eta matxuratuak erabili behar ditugu. Hainbat bider eskatu diogu espetxeari egoera molda dezan eta eroarena egin du aldiro".
Lokutorioen egoera salatzeaz gain, salatu zuten Jaurlaritzak hainbat laguni debekatu ziela preso politikoak bisitatzea, eta espetxean antolatzen diren kultur edo kirol ekitaldietan parte hartzea ere. Eusko Jaurlaritzari "zerrenda beltz" bat eratu izana leporatu zioten.