Iruña-Veleiako aztarnen egiazkotasuna defendatzen duen taldeak IV. kongresua antolatu du. Argitu, ez suntsitu goiburu, zenbait ikerketa aurkeztuko dituzte biltzarrean, hainbat adituren eskutik. Durangon izango da, hilaren 26an.
"18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta lau urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik, eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake", azaldu dute prentsaurrekoan piezen benekotasuna defendatzen duten taldeko kideek. "Gaia argitu nahi genuenok ikertzen jarraitzen dugu eta datazioak ukatu zituztenek Iruña-Veleia hondeamakinarekin suntsitzen jarraitzen dute, etengabe".
Gai hau argitzeko mota askotako ekintzak egin dituztela nabarmendu dute, baina, bereziki, orain arte antolatutako hiru biltzarrak aipatu dituzte. 2012an lehenengo biltzarra egin zuten eta, besteak beste, Edward C. Harris arkeologia modernoan aditua eta beste zenbait aditu izan ziren. Ondoren, 2016an, bigarren biltzarra, eta 2021ean hirugarrena. Guztira 24 aditu izan dituzte, Euskal Herrikoak zein kanpokoak, hainbat ikerketa arlotakoak. "Biltzar horietan guztietan ikusi dugunez, grafitoak egiazkoak izateko gero eta arrazoi gehiago daude eta, horrez gain, faltsutasunaren aldeko argudio guztiak ezeztatuz joan dira urte hauetan", azpimarratu dute.
Landako elkartegian
Oraingo biltzarrean parte hartuko duten hizlarien ponentziei esker, azken ikerketak ezagutu ahal izango dira, azaldu dutenez, "eta baita azken suntsiketak ere". Besteak beste, Xabier Gorrotxagi arkeologoa, Patxi Zabaleta euskaltzaina, Juan Martin Elexpuru filologoa, Eliseo Gil Iruñea-Veleiako zuzendari ohia eta Miguel Thomson ikerlaria izango dira hizlari Landako elkartegian, 09:30ean hasiko den biltzarrean.
"Iruña-Veleia euskal arkeologiaren eta hizkuntzalaritzaren ardatzetako bat bihurtu da. Bertan gauza asko ikus daitezke: ondare arkeologikoan zelako aberastasuna dugun, politikariak nola ari diren ondare hori suntsitzen eta nola kultura eta euskera babestu behar duten erakundeek beste alde batera begiratzen ari diren. Hala ere, hemen gaude eta beti egongo gara, tinko, Iruña-Veleia argitzen laguntzeko grafitoak datatu arte".