Hilabete amaieran hasiko du David Perez Sañudok Sacamantecas film luzearen grabazioa Arabako zenbait txokotan, eta protagonisten artean Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra izango duela iragarri dute, Antonio de la Torre eta Josean Bengoetxearekin batera.
Pelikula zuzendariak berak eta Sergio Grandak idatzi dute, eta Asier Gerikaetxebarria eta Joanes Urkixoren istorio bat izan du oinarri. Hiru pertsonaiaren istorioa kontatzen du: hiltzailea, justizia bilatzen duena eta, azkenik, egia aurkitzen duena. Juan Diaz de Garaio hiltzaile arabarraren istorioaren bidez, pelikulak bere krimenak ez ezik, emakumeen aurkako indarkeriak markatutako garai bat ere jasotzen du.
Euskaraz izango da pelikularen zati handiena, 35 txokotan grabatuko dute, eta, besteak beste, Eneko Sagardoik, Luis Callejok, Urko Olazabalek, Haizea Carnerosek, Isabel Gaudik eta Fernando Albizuk parte hartuko dute lanean.