AA Adimen Artifizialeko ereduek ia %70eko zehaztasunarekin "kopiatzen" dute gizakiek emandako ebaluazioa, EHUko ikertzaile talde batek EDUTEC aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldutakoaren arabera.
Prestatzen ari diren irakasleek egiten dituzten ebaluazioak kopiatzeko Adimen Artifizialak duen gaitasuna aztertu dute Pauko Unibertsitateko (Frantzia) ikertzaileekin batera EHUko zientzialariek egindako ikerketan. Hala, prestakuntza jasotzen ari diren 507 irakasleri Lehen Hezkuntzako ikasleek idatzitako hainbat testu eman dizkiete, ebaluatu ditzaten. Aldi berean, hiru AA sistema zeregin horretan lanean jarri dituzte: ChatGPT (OpenAI), Gemini (Google) eta Copilot (Microsoft). Ondoren, ikertzaileek aztertu dute bi motatako ebaluazioak noraino izan diren antzekoak. Irakasleen generoa, maila akademikoa eta errendimendua ere aintzat hartu dituzte, faktore gisa.
AA sistemen artean, ChatGPT izan da gizakien ebaluaziora gehien gerturatu dena, %70eko zehaztasunarekin. Baina irakasleen artean ere ikusi dituzte alde nabarmenak, errendimenduari dagokionez. Hala, egiaztatu dute ikasketetan "errendimendu altuagoa" zuten irakasleek egindako ebaluazioak "lerrokatuago" zeudela AAk egindakoekin. "Horrek esan lezake AAren zehaztasuna lotuta egon litekeela etorkizuneko irakasleen prestakuntza mailarekin eta ebaluazio arloko alfabetatzearekin", ondorioztatu dute ikertzaileek EHUk zabaldutako ohar batean.
Hector Galindo-Dominguez EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasle atxikiaren arabera, gaur egun "ikasgelak oso jendetsuak" dira, eta, irakasleek "denbora asko" ematen dute ebaluazioari lotutako zereginetan. Ikertzailearen arabera, "denboraren herenaren eta erdiaren artean". Galindo-Dominguezen aburuz, emaitzek erakusten dute AA sortzailea laguntza tresna izan daitekeela ebaluazioari lotutako zama arintzeko. Horrez gain, "irakaskuntza pertsonalizatzeko, inklusiorako, klima sozialerako edo kooperatibismorako" baliagarria delakoan dago ikertzailea.