Partez hodeituta hasiko da astea, erdi eta goi mailako hodeiekin. Egunak aurrera egin ahala, tarte hodeitsuak gehiago zabalduko dira, eta egunaren amaieran euri txikia bota dezake. Haize aldakorra izango dugu, ahul. Tenperaturak bere horretan mantenduko dira, eguneko tartea 12 eta 24 gradu artean kulunkatuko baita.
Asteartearekin batera, hodeiak mantenduko dira, eta, beste behin, erdi eta goi mailakoak izango dira. Arratsaldearekin batera horiek trinkotuko dira, eta zaparrada batzuk bota ditzake. Hauts gandua etor daitekeela ohartarazi du Euskalmetek. Batzuetan bezperan baino dezente zakarrago ibiliko da haizea, hego-ekialdetik. Tenperaturetan, ordea, ez da aldaketarik egongo, eguneko tartea 15 eta 23 gradu artekoa izango baita.