Hazaldi harrera zentroa berritu dute

Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 12:22

Ordezkari instituzionalek zentroa bisitatu dute. Argazkia: AFA

Besteak beste, sukalde eta jangela berria egokitu ditu babesgabetasun egoeran dauden umeentzako zentroak.

0 eta 12 urte bitarteko 22 haur artatzen dituen Hazaldi zentroa birmoldatu du aldundiak. Besteak beste, zentroak sukalde eta jangela berriak ditu, biltegia gehitu du —haurtxoen kotxe eta orgak, bizikletak eta patineteak sartzeko—, eta bisita gela bat ere atondu dute. Horrez gain, logelak eta komunak "erabat berritu" direla ziurtatu du aldundiak.  

Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak atzo egindako bisitaren aitzakian zabaldu du aldundiak zentroari buruzko informazio berria. Harekin egon dira, besteak beste, Gorka Urtaran Gizarte Politiken foru diputatua eta Beatriz Angulo zentroko zuzendaria.

Egun, babesgabetasun larrian dauden 22 ume artatzen dituzte bertan. Horietako batzuk "egoera zailak eta traumatikoak" bizi izan dituzte, eta, hori dela eta, "ezin dute gurasoekin aldi baterako edo, agian, modu iraunkorrean bizitzen jarraitu", diputazioaren hitzetan. Horrez gain, amatasun harrerako zerbitzua ematen du ere, abandonatuta edo babesgabezian dauden hiru urtera arteko haurtxoentzat.

1986az geroztik martxan dago zentroa, eta Karitateko alaben konpainiak kudeatzen du, GOFE Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearentzat. Egun 22 haur dauden arren, iaz 47 ume egon ziren bertan. Orotara, diputazioaren ardurapean 250 haur eta nerabe inguru bizi dira harrera zentro eta etxeetan. Beste 105 adingabe familia harreran daude, 78 familiatan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago