Aldundiak atzera bota du Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoa

Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 12:14

Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoen eragin eremua. Argazkia: ARABA.EUS

Indarberri SL-k aurkeztutako Plan Berezian "funtsezko alderdi konponezinak" daudela ebatzi du aldundiak; eta alderdi horiek ez dutela betetzen Gasteizko udal hirigintza plangintza.

Atzera bota du aldundiak Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoa eraikitzeko proiektua, eta auzian jarri du bide batez Vitoria Solar 1 proiektuaren etorkizuna. Biak ala biak Indarberri SL enpresaren proiektuak dira, eta aurkakotasun handia eragin dute herrialdeko erakunde eta eragile anitzen artean. Bada, Arabako Foru Aldundiaren Luralde Orekaren eta Antolamenduaren sailak gaur bertan argitaratu du ALHOn, Gasteiz eta Burgu udalerrietan lurzoru urbanizaezinean egin nahi den Vitoria Solar 2 Parke Fotovoltaikoaren Plan Bereziaren hasierako onespenaren ukatzea. 

Lehenik eta behin, hiri lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako distantziei dagokienez, parke fotovoltaikoaren eremu osoaren %31 Uribarri Arratzuatik eta Lubianotik bostehun metro baino gutxiagora dagoela argudiatzen du aldundiak; "beraz, ez da Gasteizko HAPOa betetzen". Era berean, aldundiak dio Gasteizko udalerrian plaka fotovoltaikoak dituzten eremuko lurzati guztiek nabarmen gainditzen dutela lurzatiaren gehieneko okupazioaren %25.

Beste proiektu bat

Hortaz, Indarberri SLk proiektuarekin aurrera egin nahi izanez gero, beste plan berezi bat aurkeztu beharko luke, eta horrekin batera ingurumen txosten berri bat. Aldundiak azpimarratu du atzemandako gabeziak  "funtsezkoak eta garrantzitsuak" direla, eta horregatik ezin direla izapide prozeduran zehar zuzentzeko modukotzat jo; "izan ere, horrek, egia esan, plangintzako beste dokumentu bat ekarriko luke, hasiera batean lotzen duten lege eta plangintza arauetara egokitzen dena, gutxienez oinarrizko alderdietan. Hala ere, Indarberri S. L. merkataritza sozietateak beste plan berezi bat egin ahal izango du, indarrean dagoen ordenamendu aplikagarriarekin bat datorrena, eta hura onesteko prozedura berri bati ekin ahal izango dio".

Horretaz gainera, aldundiak Vitoria Solar 1 parke fotovoltaikoaren etorkizuna ere kolokan jartzen du, txosten teknikoan jaso dutenez,  "Vitoria-Solar 1 eta Vitoria-Solar 2 parkeen artean kilometro baino gutxiago dago; beraz, instalazio bakartzat har daiteke, araudiaren 13.3 artikuluaren arabera". 

Kontzejuen poza eta kritika

Bere aldetik, Gasteizko kontzejuen elkarteak eta Lubiano, Jungitu eta Uribarri Arratzuko administrazio batzarrek txalotu dute, aste honetan bertan, Gasteizko udaleko Hirigintza Sailak Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoaren inguruan egin duen txostena. Aldundiak gaur egin duen bezala, Gasteizko Udalak ere ondorioztatu du hiriburuko HAPOrekin bateraezina dela parkea.

Hala ere, kontzejuek kritikatu dute hedabideen bitartez izan dutela Gasteizko Udalaren txostenaren berri, nahiz eta hamaika bilera izan dituzten udal agintariekin. "Inoiz ez ziguten esan 79 orrialdeko txosten bat zegoenik, galdetzen ari garen puntu guztiak argitzen zituena, horrek eragiten dituen beldur eta larritasun guztiak argitzen zituena", azpimarratu dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago