Harresi desberdinetan arrakalak irekitzeko asmoarekin abiatu zen 2004an Harresian Zulo taldea, eta zeregin horretan jarraitzen du hogei urte eta gero. Folklorea ardatz, besteak beste, Euskal Herriko eta Afrikako soinuen fusioarekin bide berriak ireki ditu talde gasteiztarrak, musika eta dantza batuta, eta horren erakusgarri izango da urtemuga kontzertua ere. Jimmy Jazz aretoan dute hitzordua zaleek larunbatean, hilaren 12an, 21:30ean.
Musika proiektu kolektibo moduan hasi zuten ibilbidea, eta horri eusten diote oraindik, buru eta lidertzen gainetik. "Pertsonak aldatu dira, baina kolektiboa da gurea, hori ez da aldatu; azkeneko urte honetan hiru lagun berri sartu dira, beste batzuk ordezkatzera", azaldu du Juankar Perez de Mendiguren taldeko abeslariak. Zailtasunak izan dituzte bidean, eta larunbateko kontzertua ibilbide berri bati ekiteko mugarri izatea nahi dute. "Taldea egonkortzea gustatuko litzaiguke. Pandemiaren ostean asko kostatu zaigu taldea berriz osatzea, gogoari eustea, eta larunbateko kontzertuarekin eta prest ditugun abesti berriekin taldeari beste martxa bat eman nahiko genioke; ospakizuna eta mugarria izango da".
Hogei urteotan egin duten moduan, aurrerantzean hartuko duten bidea ere taldean erabakiko dute larunbateko kontzertuaren ostean, baina ahots edo erritmo berriek lekua izan dezakete Harresian Zulon. "Lagun artean esaten dugu 'bazka-jan folklorikoa' egiten dugula, alegia, bakoitzak dakarrena kazolan sartu, su eman eta hala ateratzen dela gurea; oso eklektikoak gara, betiere folklorean oinarritutako proiektuekin".