Botikak probatzeko larruazal artifiziala garatuko du EHUk

Erredakzioa 2024ko urr. 10a, 17:06

Alderdi etikoez gain, animaliekin egindako saiakuntzek beste hainbat arazo dituzte. Argazkia: JANET STEPHENS / COMMONS

Besteak beste, animaliekin egindako esperimentuak gutxitu nahi ditu ikerketa proiektuak, alderdi etikoak saihestu aldera.

Arabako Campuseko Farmazia Fakultateko Nanobiocel ikerketa taldea giza larruazal artifizial bat sortzeko proiektu batean parte hartzen ari da, NLOOC Unlocking the data content of Organ-on-Chips izeneko Europako ikerketa egitasmoaren baitan. 

Zehazki, EHUk giza larruazalaren simulazio zehatza egingo du, hiru dimentsiotan bioinprimatutako ereduekin. Horrek aukera emango du botiken eta bestelako konposatu kimikoen iragazkortasuna aztertzeko eta haien ondorio biologikoak aztertzeko. Eredu horiek hainbat larruazal motaren arabera egokituko dituzte. Gainera, aurreikusi dute metodologia hau beste ehun epitelial batzuetan ere aplikatu ahal izango dituztela. Kasurako, birikan edo aho mukosan.

Modu honetan, sendagai, kosmetiko eta konposatu kimiko berriak garatzeko eta probatzeko modua erraztu nahi dute. Besteak beste, animalietan egindako esperimentuak gutxitu nahi dituzte NanoBioCel taldearen ikerketa lerro honekin. "Aurrerapen hori alternatiba lehiakor eta etiko bat da, animalia ereduen eta larruazalaren beste ordezko komertzial batzuen aurrean", azaldu du EHUk, ohar batean. "3D bioinprimaketaren bidez, epitelio homogeneo eta baskularizatu bat sortuko da, larruazal errealaren ezaugarri estrukturalak eta funtzionalak laburbilduko dituena".

Azaldu dutenez, arlo etiko hutsez harago, animalietan egindako saiakuntzak ez dira oso prediktiboak gizakientzat, eta farmakoen %90ek huts egiten dute saiakuntza klinikoetan. Modu berean, esperimentu horiek "garestiak eta luzeak" dira. 

2024ko maiatzean abiatu zuten proiektua Jena hirian (Alemania), eta hiru urte iraungo du. Orotara, 10 herrialdetako 51 erakunde parte hartzen ari dira bertan. 68 milioi euroko inbertsio egingo dute egitasmoa aurrera eramateko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago